Goitisolok eta Loizatek irabazi dute Zumaiako hamabigarren triatloia

Baleike 2018ko ira. 8a, 21:18
Irene Loizate helmugan. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Joanes Goitisolo gernikarrak eta Irene Loizate durangarrak irabazi dute esprint distantziako Zumaiako Triatloia. Lehen zumaiarrak Andoni Agirre eta Nekane Agirre izan dira. 

Kirol ikuskizun ederra izan da aurten ere Zumaiako triatloia. Eguraldia lagun, errioa urez beteta, kirolariak dena emateko amorratzen eta ikusleak ahalegina saritzeko gogotsu.

15:30ean eman zaio hasiera aurtengo ekitaldiari, proba herrikoiarekin. 200 kirolarik hartu dute parte, haien artean 60 bat emakume, eta zumaiar asko. Proba herrikoiko distantziak (350 metro igeri, 10km bizikletan eta 2,5 korrika) egingarriak dira hasi berrientzat, hori baita probaren helburua, nahi duenak triatloia probatzeko aukera izatea. Hala ere, parte hartzaileen artean izaten dira maila handiko kirolariak. Gasteiztik etorritako Angel Hilario Moralesek, esate baterako, 34 minutu eta 13 segundotan osatu du proba. Emakumeen artean, Aratz Rodriguez hendaiarra izan da azkarrena (41:24). Zumaiarren artean, Bego Amilibia (43:12) eta Mattin Etxaniz (37:01) izan dira azkarrenak, biak laugarren izan direlarik.

Joanes Goitisolo (106) bizikletako tartean.

Esprint distantziako triatloia 16:45ean hasi da, emakumeen irteerarekin. Azpimarratzekoa da Zumaiako proba dela proportzioan emakume gehien erakartzen duen proba (106 gaur, 400dik). Irene Loizate durangarra eta Usoa Ostolaza zarauztarra nagusi izan dira proban. Saltoki Diquesi Trikideak taldekoak biak, lan bikaina egin dute bizikletako zatian, eta korrikako saioan gehiago izan da Loizate (1:03:10). Mireia Arrillagak osatu du podiuma. Zumaiar onena Nekane Agirre izan da, 1:15:21ko denborarekin.

Gizonezkoen triatloian, korrikako saioan oinarritu du garaipena Joanes Goitisolo gernikarrak (57:36). Mikel Ugarte eta Guillermo Vahl izan dira bigarren eta hirugarren, hurrez hurren. Zumaiarren artean Andoni Agirrek egin du denborarik onena: 1:02:40.