Josu Vicente: "Ilusio handiarekin hartu dugu Xoxoteko Aterpea"

Baleike 2018ko ira. 3a, 11:49
Josu Vicente eta Beni Odriozola, Xoxoteko aterpean. Argazkia: Gorka Zabaleta

Xoxoteko aterpearen ardura hartu duen lan talde berriko kide da Josu Vicente zumaiarra. Larunbatean egin zuten irekiera festa, giro ederrean. 

Dozenaka lagun bildu ziren larunbatean Xoxoteko gainean, eguraldi zoragarria lagun, aterpetxearen irekiera festaz gozatzeko. 500 bat lagunentzako paella batekin ospatu nahi izan dute, bertso, trikiti eta txalapartarekin lagunduta.

"Beste abentura bat da hau; ilusio handiarekin hartu dugu Xoxoteko aterpetxea", azaldu digu Josu Vicentek. Sukalde lanetan esperientzia handia du Vicentek,  eta mendiko zenbait aterpetxetan ere egin du lan hainbat urtez, Pirinio aldean. Orain, etxetik gertuago egingo du lan. "Gure asmoa da aterpetxeari beste bizitza bat ematea. Negu partean asteburuetan eta jai egunetan zabalduko dugu, jende gutxiago ibiltzen delako; baina udaberri-uda partean egunero hemen egongo gara eta eskaintza aberastea da gure gogoa". Aterpetxeak 34 lagunentzako oheak dauzka (hogei oheko gela bat, hamarreko beste bat eta lauko txikiago bat) eta jatorduak eskaintzen ditu.

"Aurrerago eskolei eskaini nahi diegu hona etortzeko aukera. Jatorduei dagokienez, guk hemen normalean eskaintzen dugunaz aparte, enkarguzkoak ere izan daitezke. Koadrilaren batek edo familiaren batek asteburu pasa egin nahi badu, edo bazkari-afari bereziren bat, enkarguzko menu jakin batekin, erabat zabalik gaude". Aisialdiko ekintzak eta jolasak ere antolatu nahi dituzte. "Egonaldia ekintzekin eta esperientziekin osatu nahi dugu, eta hasi gara gaia pixka bat lantzen".

Xoxoteko Aterpearekin harremanetan jartzeko: 943581007