Uharteko hilketa matxista eta Zumaian gertatutako eraso sexistak salatu ditu mugimendu feministak

Baleike 2018ko abu. 30a, 20:20

Hainbat lagun bildu dira gaur arratsaldean Saregileen plazan, Uharteko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzean. Aurten Euskal Herrian hil duten 5. emakumea dela jakinarazi dute, eta borrokan jarraitzeko konpromisoan berretsi dira.

Indarkeria matxista “egiturazkoa” eta “patriarkatuaren ondorio zuzena” dela uste du mugimendu feministak: “Ez da zerbait isolatua, ez da munstro edo gizon zoro batzuen kontua”. Erailketak indarkeriaren adibide garbiena izan arren, emakumeek egunero espazio guztietan jasan beharreko matxismoaren zapalkuntza ekarri dute gogora.

Zumaian aste honetan bertan gertatutako eraso sexisten berri emateko baliatu dute elkarretaratzea. Hainbat emakumek etxera bidean jarraipenak sufritu dituztela eta beste hainbatek keinu lizunak jasan behar izan dituztela ere salatu dute.

Emakume bakar batek jasan dezakeen erasoa guztien aurkako erasoa dela uste dute, eta eraso horien aurrean, batera erantzungo dutela jakinarazi du mugimendu feministak. Emakume guztiak gonbidatu dituzte edozein erako eraso existarik izanez gero haiekin harremanetan jartzera.