Olarro Eguneko Argazki Rallyaren oinarrien berri eman du Distira Elkarteak

Baleike 2018ko abu. 29a, 11:42

Profesionala ez den edozein zalek hartu dezake parte, eta Olarro Egunean bertan eman beharko da izena, 9:00etatik 10:00etara bitartean. 10 euroren prezioa izango du, baina herri bazkariko txartela jasoko du trukean parte hartzaile bakoitzak.

Olarro Egunarekin batera, Argazki Rallyaren hamalaugarren edizioa jokatuko da aurten. Olarro Eguna bera izango da argazkiak egiteko gaia, eta Zumaiako udalerriaren muga barruan egin beharko dira. Egunean bertan eman beharko da lehiaketan parte hartzeko izena, 9:00etatik 10:00etara Oxford aretoan. 10 euroren prezioa izango du, baina parte hartzaileek herri bazkarirako txartela jasoko dute trukean. 16 urtetik beherakoek doan hartuko dute parte, eta Zumaia elkarteko establezimenduetan gastatzeko 10 euroko txartel bana jasoko dute sari banaketan.

13:00etatik 14:00etara deskargatuko dituzte argazkiak parte hartzaileek izena eman duten toki berean. Nahi adina argazki egin daitezkeen arren, hiru  soilik hautatu beharko dira lehiaketara aurkezteko. 

Epaimahaia eta erabakiak
Erabakia ospe handiz osatutako epaimahai batek hartuko du. Bat-batekotasuna, sormena eta teknika izango dituzte kontuan, baita aurkeztutako lanen aniztasuna ere. 

Arratsaldeko 18:00etan banatuko dituzte sariak Oxforden. Argazkiak proiektatu ondoren, irabazleek edo ordezkariek bertan egon beharko dutela ohartarazi dute. Irabazlerik egon ezean, hurrengo puntuaketa onena duena izango da saritua. 

Sariak:

-Lehen bilduma: 200 euro eta garaikurra.
-Bigarren bilduma: 150 euro.
-Hirugarren bilduma: 120 euro.
-Lehenengo zumaiarra: 100 euro.