Zumaia KAE 1eko ontzia izango da datorren denboraldian ere

Baleike 2018ko abu. 19a, 13:27
Argazkia: Arritxu Iribar

Zarautzen atzo jokatutako estropadan jaitsierako play offa jokatzeko arriskuak ia erabat uxatu zituen Telmo Deunek, eta gaur Bilbon jokatutako Villa de Bilbao estropadan konfirmatu egin ditu. Zortzigarren izan da gaur Zumaia Nerbioian egindako estropadan. 

Erlojuaren aurkako estropada izan da gaurkoa. Ligako hamabi ontziak bi multzotan banatu dituzte. Zumaia lehenengo multzoan aritu da. Lehen ziabogan hirugarren izan da Zumaia, San Juanekin berdinduta, eta Lapurdi eta Arkoteren atzetik. Hortik aurrera, baina, pasaitarrak atzean geratzen hasi dira, eta baita lehen ziabogan aurrena izan den Lapurdi ere.

Arkotek egin ditu denbora onenak partzialetan, eta baita helmuga puntuan ere. Zumaia bigarren izan da bere txandan Arkoterengandik bi segundo eskasera, eta zortzigarren gaurko sailkapenean. Jaitsierako play offerako aurkaria zuen San Juan gaur ere 11. izan da.

Liga amaituta, Zumaiak denboraldi hasieran jarritako helburua bete du, hau da, duen tripulazio gaztearekin maila mantentzea. Sufrituta, baina lortu du Telmo Deunek helburua. Bederatzigarren postuan amaitu du liga, Arkoterekin 66 puntura berdinduta. Ligan zehar Arkote estropada gehiagotan izan da Zumaiaren aurretik Zumaia Arkoteren aurretik baino. Beraz, berdinketa hausteko faktore hori erabili dute. 

Astillerok eta Lekittarrak jokatuko dute TKE ligara igotzeko kanporaketa. Sailkapeneko behealdean, aldiz, Portugaletek maila galdu du, eta Hibaikak eta San Juanek jaitsierako kanporaketa jokatu beharko dute. 

Helegitea kendu

Bestalde, Baleikek jakin duenez, Pasaian jokatutako Igartza banderako lehen estropadan izandako gora beherengatik aurkeztutako bigarren helegitea kendu egin du Zumaiak. Estropada hartan eremua araudiak zioena baino luzeago zen eta Zumaiako Arraun Elkarteak lehen helegite bat aurkeztu zuen. Epaileak ez zuen aintzat hartu ontzi guztiak kale beretik aritu zirelako. Zumaiak beste helegite bat aurkeztu zuen jarraian, baina jakin dugunez kendu egin dute.