Kuadrillen kolore biziekin jantziko da bihar Zumaia

Baleike 2018ko abu. 17a, 13:33

Abuztuko lehen asteburuan Gala Gaua ospatu zen, eta bigarrengoaren atarian Euskal Jai egunak hartu zuen lekukoa. Ohikoa den bezala, abuztuko hirugarren asteburua Kuadrillen Eguna izango da eta herriko lagun taldeen kolore biziko kamisetekin jantziko da bihar Zumaia

Eguerdiko 12:00etan egingo den bizipoteoa izango da eguneko lehen ekitaldia. Bi gurpilen gaineko txikiteroak Beheko Plazatik abiatuko dira.

Egitarauaren arabera, 14:30ean gaztetxoen bazkaria egingo da Torreberriko aterpe azpian. Bazkaria norberak eraman beharko du eta Udalak postrea jarriko du. 17:00etan kuadrillen arteko Erronka Xtrem egingo da eta 18:30ean Akelarre txarangaren kalejira hasiko da.

19:30ean, Amaiako plazan, Dardara Musika Kolektiboaren Dardara Fest musika jaialdia hasiko da. Bost talde igoko dira agertokira: Karter zumaiarrak, Libe, Kabbalah, Vulk eta Delorean. 

22:30ean, berriz, Arima Eroa diskofesta izango da Kodradian.