Dantza saio ibiltariarekin amaituko da gaur aurtengo Musika Jaialdia

Baleike 2018ko abu. 11a, 09:32

Growing young izeneko dantza ikuskizun ibiltariarekin amaituko da gaur aurtengo Zumaiako Musika Jaialdia. Ikuskizun ibiltaria da hau eta 20 minutuko hiru saioa eskainiko dira: lehena Amaiako plazan, bigarrena Saregile plazan eta azkena, Eusebio Gurrutxagan. Ikuskizuna 20:00etan hasiko da. 

Janis Claxton australiarra nazioarte mailan oso ezagunak diren Pop Up Duets eta Enclosure humans piezen sortzailea da. Oraingo honetan Dantzazentzat lan egin du lehen aldiz, Edinburgoko DanceBase-ek (Europako dantza etxerik famatuenetarikoa) eta Dantzazek sinatutako lankidetza hitzarmenari esker.

UNE da bere proiektuaren izenburua eta Donostia Kulturarekin elkarlanean, Egia auzoan eginiko proiektu batean du sorburua. Kaleko espazioetan sortu daitezkeen erlazioak, arkitektura eta egunerokotasuneko erritmoak izan ziren sorkuntzaren ardatz.

Ustekabean ikuslea piezaren parte bihurtzen duten pasarte motzak dira, kalean dagoen jendea ezusteko ikusle edota eszenografiaren parte bilakatzen dutenak alegia.