Euskal Jai eguna ospatuko da bihar Zumaian

Baleike 2018ko abu. 9a, 13:00

Urteroko legez, abuztuko bigarren asteburuari hasiera emanaz, Euskal Jai eguna ospatuko da herrian. Goizean azoka, bertso eta musika saioak eta herri bazkaria egingo dira, eta arratsaldean sagardo dastatzea. Zapiak eta txapelak ateratzeko unea da orain.

Udaleko kultura sailetik aditzera eman denez, herri bazkarirako txartelak dagoeneko agortu dira. Bestalde, komentu parean argazki txoko bat izango da eta bertara hurbiltzen direnek argazki bat eskuratzeko aukera izango dute, beti ere baserritarrez dotore jantzita badaude. 

Arratsaldean sagardo dastatzea egingo da Beheko plazan, 19:00etatik aurrera. Hamar etxeren sagardoa izango da aukeran: Petritegi, Ekain, Aburuza, Gartziategi, Satxota, Bereziartua, Urdaira, Lizeaga, Iparragirre eta Izeta. Plazaren erdian karpa dagoenez sagardo mahaiak haren bi aldeetan ezarriko dira, bai Txurreren kiosko ondoan, baita Odieta aldera ere. 

Hemen duzue biharko eguneko egitaraua:

10:00etan Baserriko gaien azoka. 3 Taula txalapartarien saioa.
10:30ean Hala Gera taldearen dultzaina doinuak eta Bilboko albokariak.
11:00etan Zutrik elkartearen trikiti doinuak.
12:00etan Kofradian eta 12:30ean udaletxean balkoitik balkoirako bertso saioa: Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi.
14:30ean Eusebio Gurrutxaga plazan herri bazkariaBazkalostean euskal kantak Joxe Mendizabalekin.
18:00etan Erromeria: Jagoba eta Maddalen, eta Erkibe kultur elkartearen taloak.
17:00etan Amaiako plazan puzgarriak. Ondoren dantzaldia Joxe Mendizabalekin.
18:30ean Joselontxos txarangaren kalejira.
19:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan  sagardo dastaketa.
23:00etan Kofradian erromeria Ezten Giro taldearekin.