GUTUNA Joxe Mari Korta gogoratuz aurrera egin

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxe Mari Muñoa 2018ko abu. 8a, 13:26

Duela 18 urte abuztuko goiz batean, bere lantoki aurrean zegoen autoari itsatsita zegoen bonba-lapa batek amaitu zuen Joxe Mariren bizia. Gizon ona, zintzoa eta langilea, asmo eta proiektuz betea. Atentatuak sortu zuen harriduraz gain, beldurra, haserrea eta lotsa mendekatia ere zabaldu zuen. Ez zen izan kasu bakarra.

Hainbat urteren ondoren, gertaera hura eta bere esanahia gogoratzea beharrezkoa da eta ondorengoei adieraztea ere bai. Ankerkeriaren aukera hortxe baitago. Gauzarik larriena ez baita erailketa injustua gertatu izana soilik, injustizia hori ahaztea baizik. Zoritxarrez, asko dira gure artean bakean bizitzeko gertaera hauek ahantzi egin behar direla diotenak.

Oroitzapen defendatzailea soilik eskatzen dugu, ez mendekua.

Honek ez baititu pertsonak gizatiartzen, baina isiltasunak eta hala nahita egindako ahanzturak ere ez. Gure herriaren etorkizuna beste balio batzuen baitan, hala nola egia, justizia eta barkamenaren baitan eraiki nahi dugu. Baina geure burua engainatu eta gure herriaren historia faltsutu nahi ez badugu, zoritxarreko garai batean eragindako zauriak nolabait ere osatuz, ezin ditugu inoiz gertatu behar ez zuten erailketak eta sufrimendu injustua isildu eta desitxuratu.

Aldi berean, Joxe Mari Kortaren bizitzan beste alderdi bat ere nabarmendu beharrekoa da: gizon langile eta ekintzailea zen. Urola Beheko baserri xume bateko semea, zailtasunak zailtasun garapen tekniko eta balio lehiakor handiko enpresa bat sortu zuen. Nolabait ere euskal enpresarien sinboloa zen, aldarrikatutako hainbat balioren paradigma. «Zerga iraultzailearen» xantaia immoralaren aurka egiteak heriotzara eraman zuen, bide bera egin zezaketen beste batzuen eredu izanez. Beharrezkoa da gogoratzea eta ezin gara isildu. Une hauetan eredu eta sinboloez hitz egitea arriskutsua da, baina oroitzapen honetan egitea egokia iruditzen zaigu.

Gutuna hemen irakurtzen jarraitu dezakezue.