Olarro Egunean lan egiteko deialdia egin du udalak

Baleike 2018ko abu. 8a, 10:11

Olarro Egunerako hilabeteren faltan, prestaketa lanetan hasi da udala. Antolaketa lan guztiak esfortzu handia eskatzen duela eta herriko taldeei laguntza eskatu diete. 

Irailaren 15ean olagarroa izango da protagonista Zumaian, eta gastronomia nagusi den festa giroan murgilduko da herria. Besteak beste, txosnetan eta herri bazkarian eskainiko dute, eta antolaketa errazteko, herriko elkarte eta eragileak Olarro Egunean lana egitera deitu ditu udalak. 

Txosnetan edo herri bazkarian lan egin nahi duten elkarteek abuztuaren 30era arte izango dute izena emateko aukera. Turismo bulegoan, 943 14 33 96 telefono zenbakira deituta edo turismoa@zumaia.eus helbidera mezua bidalita eman daiteke.

Irailean egingo duten bileran zozkatuko da lanen banaketa, eta bertan emango dituzte eginkizunen azalpenak. 

Parte hartzaileak etekin ekonomiko propiorik gabe modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak izan beharko dute. Bestetik, Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute. Euskaraz mintzatzea ezinbesteko baldintza izango da, eta adin txikikoek txosnetan ezin izango dute edaria zerbitzatu. 

Bi eginkizun nagusi izango dira egun horren ospakizunean. Batetik, herriko talde ugarik parte hartu ahal izango dute herrian zehar banatuta egongo diren txosnetan. Festa eguna baino lehen, ostiralean, talde bakoitzeko 20 lagunek olagarroa moztu eta brotxetak prestatuko dituzte. Olarro Egunean bertan, olagarro zopa prestatu eta banatu beharko dute goizez. Arratsaldean, aldiz, brotxetak salduko dituzte.  taldearen esku egongo dira azpiegituren muntaia, baita materiala garraiatzeko autoa eta edaria ere. Azpiegituren muntaia, materiala garraiatzeko autoa eta edaria taldearen esku egongo dira. Goizeko 9:00etatik 23:00etara egin beharko dute lan, eta txosna guztietan berdinak izango dira ordutegia eta prezioak. 

Bazkari herrikoiko lanak egiteko, aldiz, 35 herritarrez osatutako talde bat beharko dute. Izan ere, 550 lagun inguru biltzen ditu urtero bazkariak Eusebio Gurrutxaga plazan. Bazkaria zerbitzatzeko beharrezko azpiegiturak eta tresnak jarri beharko ditu taldeak, eta hainbat lan egin beharko ditu: karpako sarrerak zaindu, bazkariko txartelak jaso, janaria banatu, eta ondorengo txukuntze eta garbitze lanak egin.