Iñigo Peña K-2an eta K-4an arituko da Portugalen jokatuko den Munduko txapelketan

Baleike 2018ko abu. 8a, 08:43
Instagram: ipea85

Abuztuaren 23tik 25era bitartean Munduko piraguismo txapelketa jokatuko da Portugalen. Bertan izango da Iñigo Peña piraguista zumaiarra. Bi probatan hartuko du, gainera, parte: K-2an eta K-4an, bietan ere 1.000 metroko distantzian.

Azken bi urte hauetan bikote duen Francisco Cubelosekin arituko da bikoan. Emaitza onak ematen ari da ontzi hau eta gauzak normal badoaz lehen postuetan egoteko aukera guztiak izango dituzte Portugalen ere. 

Txapelketa honetan, baita ere, K-4an hartuko du parte Cubelos berarekin, Ruben Millanekin eta Pelayo Rozarekin. Galizian daude piraguistak kontzentratuta eta astean zehar egindako proben ondoren jakin da zer lauko izango den txapelketan. Peña berak azaldu digunez, lehen aldia izango da laurak batera lehiatzen direla, "baina itxura ona du". 

Aurreko txapelketetan bezala, Peña eta lagunen helburua dominen lehian sartzea izango da.