Zine klasikoa eta zuzenean jotako musika, gaur gauean, Oxford aretoan

Baleike 2018ko abu. 6a, 08:38

Zumaiako Musika Jaialdiko egitarauaren barruan ohikoa da zine klasikoari tartea zabaltzea. Berezitasun batekin: zuzenean jokatuko musika gehitzen zaie irudiei. Charles Chaplin, Fritz Lang edo Buster Keaton maisuen lanak eman dira. Gaur beste maisu handi baten lana ikusteko aukera izango da: F.W. Murnauren City girl. Musika Iñar Sastrek joko du. Emanaldia 22:00etan hasiko da Oxford aretoan.

F.W. Murnauk Hollywooden errodatutako azken filma da eta ez da harritzekoa, kalapita ugari izan baitzituzten zuzendariak eta Fox estudioak. Soinua zuten pelikula berrien arrakasta ikusita, estudioak azken orduan dialogo kaskarrak eta eszena barregarriak erantsi zizkion pelikula mutu izan behar zuenari, eta halaxe ezagutu zuten garai hartako ikusleek.

Zumaian ikusiko duguna ordea, Murnau handiak hasieratik buruan zuen bertsioa da, zinema mutuaren gailurretako bat. Film mutua izango da bai, baina zuzenean musikatua, eta horretaz arduratuko da Iñar Sastre, hainbat herrialdetan jo duen pianista-inprobisatzailea.

Errodajea bezalaxe, filma erromantze moduan hasi eta drama bilakatuko da. Lem gaztea Chicagora joango da bere familiaren etxaldeko garia saltzera. Bertan, Kate kalekumearekin maitemindu eta baserrira itzuli aurretik harekin ezkonduko da azkar batean. Behin etxera itzulita, Lemen amak onartuko du neska gazte modernoa, baina aitak Kate diruagatik ezkondu dela usteko du. Segalariak baserrira iristean oraindik eta gehiago korapilatuko dira gauzak Katekin.

Iñar Sastre

Gaztetatik musikakazaletua, Iñar Sastrek goi mailako musika ikasketak burutu zituen Musikenen (pianoa, ganbera musika, ahots akonpainamendua) eta Conservatoire National Supérieur de Musique et de Danse de Paris-en (inprobisazioa, harmonia eta kontrapuntua, moldaketak, dantza akonpainamendua). Era berean, musika klasikoko ikasketak, jazz piano ikasketekin osatu zituen Parisko Ravel Kontserbatorioan.

Musika klasikoa, jazz-a eta herri musika oinarri izanda, bere lana, batez ere, musika beste diziplina artistiko batzuekin uztartzean oinarritu da, bereziki arte bisual eta eszenikoarekin.

Iñar Sastre iaztik ezaguna dugu Zumaian, 2017ko Jaialdian MugMus Laborategiarekin eskainitako emanaldiaren musika arduraduna izan baitzen. Aurten berriro errepikatzen du Zumaian, oraingoan, film mutu bati ahotsa emanez.