Gernikako finalerako sailkatu dira Goikoetxea eta Lekerika

Baleike 2018ko abu. 5a, 11:58

Lekerika eta Goikoetxea Gernikako pilotalekuan. Argazkia: Jai Alai World Tour

Finalaurrekoan 15-8 eta 15-10 irabazi diote Beaskoetxeak eta Ekhik osatutako bikoteari. Goikok eta Lekerikak Egiguren eta Irastorza izango dituzte aurkari finalean, larunbatean.

Bezperan Hossegorren txapela irabazi eta atzo Gernikako Gran Slameko finalerako txartela lortu. Garaipenaren bidea ondo ikasia du aurten Goikoetxeak. Atzo Lekerikarekin osatu zuen bikotea, eta sendo aritu ziren biak Gernikako katedralean Beaskoetxea eta Ekhiren aurka. Partidari hobeto ekin zioten urdinek, baina laster jarri ziren Goiko eta Lekerika jokora eta partidaren kontrola hartu zuten. 15-8 eta 15-10, bi setetan irabazi zuten final handirako txartela.

Bitxikeria moduan, Goikoetxeak kaskoan kamera txiki bat itsatsita zeramala jokatu zuen partida, irudiak pilotariaren ikuspuntutik grabatzeko.