Hondakinekin musika instrumentuak egiten erakutsiko da igandean

Baleike 2018ko abu. 2a, 21:52

Hondartzak garbi mantentzearen inguruko sentsibilizazio kanpaina jarri du abian uda honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamenduak Surfrider eta Posidonia Green Project elkarteekin elkarlanean. Kanpaina honetan Euskal Kostaldeko Geoparkeak ere hartzen du parte. 

Itzurun hondartza bidean jarritako gela ibiltari baten bidez ari dira burutzen kanpaina hau aste honetan Zumaian. Batetik, helduei zigarro-muturrak eta bestelako hondakinak jasotzeko plastikozko kukurutxoak banatu zaizkie. Haurrek, berriz, tailerretan parte hartzeko aukera dute arratsaldeetan, eta opari bezala txapelak jaso dituzte.

"Ekimen honen bidez azaltzen diegu sortzen dituzten hondakinak hondartzetatik eraman behar dituztela. Gero, gainera, eramaten dituzten hondakin horiek ongi sailkatzearen beharra ere azpimarratzen diegu", azaldu digute kanpainako hezitzaileek. Gela hau igandera arte egongo da Zumaian 11:30-14:00 eta 16:00-19:30 ordutegian. Ondorengo asteetan Deban eta Mutrikun izango dira, eta Donostian amaituko da.

Igandean bertan, 16:00etan hasita, hondakinen bilketa eta sailkatzea egingo da Itzurunen Surfrider taldeko kideen eskutik. Jarraian, Reusonika orkestrako Rocco Papia musikariak tailer bat gidatuko du, eta parte-hartzaileei bildutako hondakinekin musika tresnak sortzen erakutsiko die.

Kanpaina abuztuaren 24ean amaituko da aipatu orkestrak Donostiako Ondarreta hondartzan itsasoari eskainiko dion Itsasoaren soinuak kontzertu ikuskizunarekin. Sortutako musika tresna hoberenak erabiliko dituzte kontzertu honetan.