Euskal musika herrikoia eta munduko folklorea uztartuko ditu Khami taldeak Aita Marin

Baleike 2018ko abu. 2a, 08:33

Zumaiako Musika Jaialdiaren laugarren jardunaldiak euskal musika herrikoia eta munduko folklorea uztartuko ditu Khami taldeak Aita Mari aretoan emango duen kontzertuari esker. Emanaldiak Bazzque World Sounds du izena eta 20:00etan hasiko da. 

Iraide Ansorenak eta Carlos Sagik sortutako Khami taldea, garrantzia eta maila handiko euskal artisten topagune gisa sortu zen. Euskal kultura herrikoiaren bilaketa lana egiten du Khamik, munduko beste zenbait folklorerekin dituen parekotasunak aurkituz.

Udaberrian bigarren lana argitaratu dute, Mugak deiturikoa, Kalakan hirukotearekin elkarlanean, baina Zumaiara euskal txistuarentzat mugarri izandako lehen lanarekin datoz: Bazzque World Sounds (2015) diskoak inoiz ezagutu gabeko erregistro musikal berri batean kokatu zuen txistua, instrumentuaren aukera musikalak erabat berrituz.

Khami kolektiboan biltzen diren artistak askotarikoak dira jatorri eta adinari begira, eta ibilbide luze eta aberatsak dituzte guztiek. Euren proiektuetan estatu eta nazioarte mailako artista eta talde esanguratsuekin lan egin dute: Perico Sambeat, Carlos Nuñez, Michel Camilo, Jorge Pardo, Mikel Laboa, Kepa Junkera, Aaron Goldberg, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoa edo San Petersburgoko Orkestra, gutxi batzuk aipatzearren.

Musikariak:

Iraide Ansorena (Perkusioa)
Carlos Sagi (Bateria eta zuzendaritza musikala)
Garikoitz Mendizabal (txistuak eta alboka)
Ander Garcia (Baxua/kontrabaxua)
Gari Otamendi (Dantza)
Iñaki Salvador (pianoa)