Egigurenek eta Lopezek irabazi dute Donibane Lohizuneko bigarren masterra

Baleike 2018ko abu. 1a, 11:50

Egigurenek eta Lopezek 15-5, 8-15 eta 2-5 irabazi dute Goikoetxea eta Etxetoren aurka, Donibane Lohizuneko bigarren masterraren finalean. Bideoan ikus dezakezue partida.

Campos Berri pilotalekuko harmailak leporaino bete ziren atzo iluntzean Egiguren-Lopez eta Goikoetxea-Etxeto bikoteak nor baino nor gehiago ikusteko. Goikoetxeak eta Etxekok (gorriz) partida hasiera ikaragarria egin zuten, tanto ikusgarriekin eta aurkariei inolako aukerarik eman gabe. 9-1 aurreratu ziren markagailuan, eta urdinak lehen setari buelta emateko aukerarik gabe gelditu ziren jokoan jarri zirenerako.

Bigarren setean, baina, beste itxura bat hartu zuen norgehiagokak. Lehen setean behartu gabe egindako lauzpabost akatsak atzean utzi eta jokoaren ekimena hartu zuten Egigurenek eta Lopezek. 0-5 aurreratu ziren, eta aldeari eusteko gai izan ziren 15.era arte, Goiko eta Etxetoren akats batzuk tarteko.

Desenpatean, hobeto hasi ziren urdinak, 2-4 aurreratu ziren, eta Lopezek egin zuen azken tanto erabakigarria, oso pilota zaila jaso eta oso behetik bortizki jaurtiz. Donibane Lohizuneko bigarren masterra, beraz, Egiguren eta Lopezentzat. Lehena Beaskoetxeak eta Ekhik irabazi zuten, eta bihar hasiko da hirugarrena: Olha-Inza eta Tambourindeguy-Lopez. Lau master dira denera, eta amaierako Grand Slama.