Yereguitarren erlojua Parolaldean da berriro

Baleike 2018ko uzt. 31a, 11:55

Orain ia hiru urte, 2015eko irailean, konpondu eta berriztatu berria zen yereguitarren erlojua familia honek Julio Beobide ibiltokian dituen etxebizitzetako jardinera itzuli zen. Makinariak, baina, akats txiki batzuk zituen eta orain zortzi hilabete berriro tailerrera eraman zuten. Erlojua pasa den astetik berriro martxan da Parolaldean.

Erloju hau Benito Yereguik egin zuen Usurbilen 1901. urtean eta Artadiko elizako kanpandorrean egon zen orduak ematen 85 urte inguruan. "Erlojua gelditu zenean Murua etxeko beste erloju batengatik aldatu zuten, eta baztertuta egon zen orain 14 edo 15 urtera arte. Erlojua botatzeko asmoa zuela esan zion apaizak familiari eta larunbat batean hartu eta Parolaldeko jardinean jarri genuen", dio Xabier Alvarez Yereguik, erlojugilearen familiartekoak eta Yeregui Elkarteako kideak. 

Urte horietan guztietan inguru horretatik paseatu den asko ohartuko zen erloju zaharraren presentziaz. Ederra baina geldirik, bere funtzioa bete gabe. "Ikusi genuen usteltzen ari zela eta orain lau bat urte zerbait egin behar zela ikusi genuen", dio Xabierrek. Esan eta egin. Erlojua erabat desmuntatu zuten, garbitu, piezak leundu, eta berriro bere kokapenean jarri zuten, oraingoan, baina, martxan. “Ordurako jakitun ginen arazo batzuk bazituela. Kojineteak aldatu beharko ziren, eta danborraren eta indarraren ardatzetan arazoak zituen. Lan delikatuak ziren eta une hartan lanak beste une baterako utzi eta aurrera egitea erabaki genuen”.

Konponketa lan hauek uste baino gehiago atzeratu direla dio Xabierrek. Tartean Loiolako basilikako XIX. mendeko erlojua konpondu zuten, eta baita Santa Engraziakoa ere, azken hau auzolanean. “Azken hau 2017 udan aurkeztu genuen eta urte horretako urrian erabaki genuen honekin hastea. Lau hilabeteko lana izango zela uste genuen, baina azkenean luzatu egin da”, dio. Aurreko lanketan alde batera utzi ziren lanak egin dituzte oraingoan eta baita elektronika arloan hobekuntzak ezarri ere. “Hasieratik aingura batek arazoak eman dizkigu. Hori eta iheseko gurpila dira erlojuaren bihotza eta horiek ondo egon behar dute. Zaharberritzea orain ondo dago, baina berriro arazoak ematen hasiko balira, ikusiko genuke”.

Auzolanak

Santa Engraziakoaz gain, Yeregui Elkarteak beste auzolan batzuetan parte hartu duela, edo etorkizun hurbil batean parte hartuko duela nabarmendu du Alvarezek. “Usurbilgo erlojua konpontzeko lanetan gabiltza, baina makal samar doa. Asteasun beste auzolan batean ere izan gara. Iazko irailean hasi genuen eta aurtengo San Pedro garaian amaitu dugu”. Otxandion ere beste auzolan bat egingo dute 1875. urtetik bertako elizako dorrean dagoen erlojua zaharberritzeko.

Orain Iruñean izango dute hurrengo erronka. “Juan Manuel Yeregui Canfrancak 1827. urtean egin zuen erlojua konponduko dugu. Erloju honek 142 urtez markatu ditu sanferminak”. Zaharberritze lan hauetan Iruñeko Planetariumeko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere parte hartuko duela azpimarratu du Xabierrek. “Behin konponduta erlojua Planetariumean kokatuko da”.  

Lan hauek egiteko izan dituen laguntzaileei eskerrak luzatu nahi izan dizkie Xabierrek. “Bego Arrutiri, Aizarnako Tomas Bergarari eta Juan Mari Elosua Porteri eskerrak eman nahi nizkieke hau dena aurrera ateratzen laguntzeagatik”.