Zumaia seigarren izan da gaur Lekeition

Baleike 2018ko uzt. 29a, 15:29

Arraun denboraldiko estropada onenetakoa egin du gaur Telmo Deun traineruak. Lekeition jokatutako El Correo–BBK banderaren bigarren jardunaldian seigarren izan dira gorriak. Sailkapen orokorrean zortzigarren daude zumaiarrak. 

Bi jardunalditan banatutako bandera izan da hau. Atzoko estropadan bederatzigarren izan ziren, baina txandako denbora onena egin zuten Xabier Zulaikak entrenatutako mutilek. Itxaropentsu ekin diote gaur Lekeitioko bandera honen bigarren jardunaldiari, eta emaitzek erantzun dute. Bere txanda irabazteaz gain, atzean utzi dituzte sailkapen orokorreak aurkari duen Arkote, eta ohorezko txandan aritu diren Zarautz eta Getaria. 

Bi eguneko sailkapenak kontutan hartuta, bederatzigarren izan da Telmo Deun. KAE-1eko sailkapen orokorrean zortzigarren da Zumaia, 38 punturekin, eta bederatzigarren den Arkote baino puntu bat gehiagorekin. Pixkanaka ari da sailkapeneko azken postuekiko tartea zabaltzen. 

Hurrengo hitzordua Pasaian dute, abuztuaren 4an eta 5ean. Lekeitiokoa bezala hau ere bi jardunaldietara jokatuko da.