Oscar Manso Navasek irabazi du Zumaiako XXX. argazki lehiaketa

Baleike 2018ko uzt. 28a, 09:47

Atzo arratsaldean banatu ziren Zumaiako XXX. Argazki Lehiaketako sariak Alondegiko Oxford aretoan. Horrekin batera zabaldu zen lehiaketara aurkeztutako 36 lan onenekin osatutako erakusketa. 

109 argazkilariren 327 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara. Zumaiako lehiaketa zuri beltzezko argazkiei zuzenduta dago, eta aurtengo gaia emakumea izan da. Gainera, aurten argazki digitalei ere atea zabaldu zaie, eta horrek izan du eragina partaidetzan, bai kopuruan, eta baita argazkilarien jatorrian ere.

Lan guzti horietatik lehen hautaketa bat egin zen eta antolatzaileen ustez onenak ziren 36ak jarri ziren epaimahairen esku. Epaimahaikideak Agustin Sagasti Jalon eta Mamen Mari Ayala argazkilari profesionalak, eta Joseba Leturia Berasategi Arizondo argazkilari elkarteko kideak izan ziren. Distira elkarte antolatzaileko kide Jorge Murgiondok gogoratu zuenez, hiru ordu luzez egon ziren epaimahaikideak debatitzen sariak nori emango. 

Epaimahaiaren arabera, irabazlea Oscar Manso Navas izan da Hope lanarekin. Bigarren saria Luis Leandro Serranok irabazi du Eva con velo lanagatik, eta hirugarrena Pili Garcia Pitarchek Tea transport X lanagatik. Azken bi hauek kataluniarrak dira eta ezin izan zuten sari banaketa ekitaldian egon. Zumaiar onenaren saria Juan Ramon Llavori Romatetek irabazi du Duong Lam lanarekin. Llavori Donejakue Bidea egiten ari da eta saria bere anaia Felixek jaso zuen. 

Lehiaketara aurkeztutako lanen kalitatea goraipatu zuen irabazleak eta argazkilaritzak berarentzat garrantzia handia duela adierazi zuen. Argazki sarituan agertzen den emakumea irudia atera eta bi hilabete eskasera hil zela gogoratu zuen. "Egoerari horretatik pasatzen ari diren emakume ausart guztiei dedikatzen diet saria", esan zuen irabazleak. 

Lehiaketara aurkeztutako 36 argazki onenekin osatutako erakusketa zabaldu da Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketa hau abuztuaren 15era arte bisitatu ahal izango da, egunero, 18:30etik 20:30era.