Torreberri Gaztetxea: "Orain arteko ilusio berberarekin jarraituko dugu lanean"

Baleike 2018ko uzt. 27a, 10:51

Agerraldia egin dute Torreberri Gaztetxearen erabiltzaile diren norbanako eta eragileek Amaia plazan, lapurreta salatzeko. "Gertakari honek ahuldu baino, indartu egingo gaitu", azaldu dute.

Gaztetxearen erabiltzaile diren norbanako eta eragileek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Amaia plazan, uztailaren 19ko gauean "herriko gazteen topaleku" den eraikinean lapurreta egin zutela salatzeko. Bertan zegoen dirua eta materiala eraman eta guztira 800 euroko kalte ekonomikoa eragin zutela ekarri dute gogora. 

Lehenago ere gertatu izan dela aitortu dute gaztetxeko kideek: "Iaz ere sartu ziren lapurtzera gaztetxera, eta, ordutik hona, beste zenbaitetan ere sumatu izan ditugu mugimendu arraroak". Nolanahi ere, uztailaren 19ko lapurretak gertakari guzti horiei "erantzun bateratu eta irmo bat" emateko beharra indartu duela diote. Haien hitzetan, gaztetxearen aurkako erasoak ez ezik, gaztetxeko erabiltzaile guztien aurkakoak dira. Horrez gain, gaztetxea herritar orori zabalik dagoen espazioa dela gogoratu dute, eta horregatik, herritarren aurkako erasoak ere badirela uste dute gaztetxeko kideek. 

"Eraldaketa sozialaren eta bestelako harreman eredu batzuen aldeko proiektu kolektiboa da gurea, gure kabuz eta ditugun baliabide urriekin aurrera eramaten duguna", diote. Proiektua kaltetzeko edozein saiakerak gaztetxea bezalako espazioen beharra zalantzan jartzen dutenen interesei mesede egiten diela ohartarazi dute gaztetxetik. 

Egun hauetan babesa agertu dieten eragile eta norbanakoei eskerrak eman dizkiete, eta orain arteko ilusio berberarekin lanean jarraituko dutela azaldu dute: "Gertakari honek ahuldu baino, indartu egingo gaitu".