'Ttap' sortu dugu, euskarazko lehen aldizkari digital multimedia

Baleike 2018ko uzt. 27a, 07:52

Ttap aldizkari berritzailearen zero zenbakia aurkeztu dugu Donostiako Keler aretoan, euskal kultura eta komunikazioaren munduko ordezkaritza zabal baten aurrean. Anboto, Baleike, Goiena, Tokikom eta Kataluniako Esguard-en artean sortu dugu Ttap. IOS eta Android bertsioak dagoeneko eskuragarri daude, ttap aldizkaria bilatuta.

Ttap aldizkaria digitala da, gailu mugikorretatik erabiltzeko sortua, eta erabat multimedia da: edukiak hainbat formatu eta euskarritan landuko ditu, erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Testuekin batera, bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak izango ditu. Irakurri ez ezik, Ttap ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke.

Hain zuzen ere, hortik datorkio izena aldizkari berriari: ingelesez tap esaten zaio gailu mugikorretako ukimen pantailan eragiteari, eta euskarazko itzulpen egokirik topatu ezinda, ingelesezko hitz horri bustidura gehitu eta euskaratzea erabaki dugu. "Horrela, aldizkari berria ez ezik, kontzeptu berria ere ekarri nahi diogu euskal publikoari".

Baleike, Goiena, Esguard, Anboto eta Tokikomeko ordezkariak atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Gertuko gaiak

Edukiari dagokionez, Ttap-ek gertuko gaiak landuko ditu, modu erraz eta atseginean kontsumitzeko moduan. Zenbaki bakoitzak 16 orrialde izango ditu, ordu laurdenean irakurtzeko moduan. Hala ere, edukietan sakondu nahi duenak beti izango ditu audio eta bideo elkarrizketa luzeagoak, "mimo handiz egindakoak".

Asteroko maiztasuna izango du (irailetik aurrera), eta bi edizio izango ditu momentuz, bata Bizkaikoa eta bestea Gipuzkoakoa, eta kolaboratzaile zerrenda zabal eta anitza: Pilar Kaltzada, Ander Izagirre,  Izaro Andres, Joseba Barandiaran, Arantxa Urretabizkaia, Unai Iturriaga, Joseba Sarrionandia, Lara Izagirre, Arantza Santesteban, Axi Muniain, Asier Hilario, Aitor Abaroa, Maite Goñi, Juan Kruz Lakasta, Xabi Paya, Ilaski Serrano, Sara Gandara, Joni Ubeda...

Euskal Herria eta Katalunia

Aldizkari digital berria Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkarlanaren emaitza da. Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Goiena (Debagoiena), Tokikom eta Esguard aldizkariaren (Bartzelona) artean sortu dugu produktu berritzaile hau.

Ttap-en oinarria den Esguard aldizkari digitalak sei urteko ibilbide oparoa du Katalunian: denbora horretan, 300 zenbakitik gora argitaratu ditu, eta astero-astero 15.000 deskarga inguru izaten ditu. Haren editoreak, Germà Capdevilak, azaldu duenez: “publikoak oso ondo erantzun dio Katalunian formatu berri honi, eta aspalditik genuen gogoa esperientzia Euskal Herrira ere ekartzeko. Desiatzen gaude euskal publikoak zer harrera egiten dion ikusteko, eta ziur gaude ona izango dela. Esguard-en azken urteotan pilatutako esperientzia Ttap-en eskura ere jarri dugu zalantzarik gabe, proiektua zerotik abiatu beharrik ez izateko”.

Zero zenbakia eta zozketa

Ttap-eko lan-taldeak azaldu duenez, "lan handia egin dugu zero zenbakia prestatzeko, eta irrikaz gaude jendeak deskargatu eta iritziak jasotzeko”. Zero zenbakia jaso nahi duenak, ttap.eus webgunera joan eta iOS zein Android aplikazioa deskargatzea besterik ez du. Aplikazio horrek kiosko moduan funtzionatuko du, eta zero zenbakia zein aurrerantzean kaleratzen diren guztiak deskargatu ahalko dira bertatik.

Aldizkari berriaren jaiotza ospatzeko, zozketa berezi bat ere prestatu dugu: abuztu bukaera bitartean, aukera izango da SPC Heaven tablet baten zozketan parte hartzeko, aplikazioa deskargatuz eta haren berri emanez, ttap.eus webgunean dauden pausuei jarraiki.

Erlazionatuak