Ondartxon eskainiko dute bihar 'Lapur minak' ikuskizuna

Baleike 2018ko uzt. 13a, 16:30

Hasiera batean Erribera kalean egitekoa zen arren, Ondartxo plazara lekualdatu dute ikuskizuna.

'Cia.Tornado' antzerki taldearen Lapur minak kale antzerkiaren emanaldia izango da bihar, 20:00etan Ondartxo plazan. Ikusleak barrez lehertarazteko helburuarekin sortu zen taldea, eta bigarren lana dute Pablo Ibarluzearen 60 minutuko ikuskizun ibiltaria.

Pablo Ibarluzea zuzendari, Patricia Urrutia, Aitor Fernandino, Ion Zumelaga eta Pako Revueltas aktore, GODOT izan zen antzerki taldearen lehenbiziko ikuskizuna. Arrakasta handia lortu zuten ikusleen artean, eta baita kritikaren goraipamena ere.

Ikusleei barrea eragiteko helburu berberarekin sortu zen Lapur minak emanaldia. Txema da antzerkiko protagonista: auzoko tipo zintzoa, eta guztiek maite dute. Orain, gainera, loterian saritua gertatu da, 6 milioi euro, hain zuzen ere, eta guzti-guztia ingurukoei oparitzea erabaki du. Bere lagun minak bere bihotz-zabaltasunaz nazkatuta daude, ordea, eta berak emandako diruarentzat oso bestelako asmoak dituzte.