Alzheimerra duten senideen aldeko kontzertua, musika jaialdian

Baleike 2018ko uzt. 11a, 19:39
Koldo Aulestia eta Marisa Ortigosa Afagiko kideak; Marixi Sesma eta Oier Korta, Ubillos jauregian.
Abuztuaren 5ean emango du kontzertua ‘Sapere Aude Sinfonietta’-k .Afagi Gipuzkoako alzheimerdunen elkartearen alde antolatu dute, elkarlanean.

 

Abuztuan egiten den musika jaialdiaren barruan, kontzertua eskainiko du Sapere Aude Sinfonietta musikari profesionalez osaturiko elkargunak. Zehazki, Joaquin Rodrigok eta L. Van Bethoveenek  ondutako lanak gozatzeko aukera izango dute musikazaleek abuztuaren 5ean.
 
Rodrigoren Concierto de Aranjuez eta Bethoveenen 7. sinfonia aukeratu dituzte kontzerturako. Bakarlari gisa, Carmen Becerra gitarra jotzaileak hartuko du parte bertan, eta hainbat filmen musika bandak egin dituen Fernando Velazquez getxoztarrak izango du orkestra zuzentzeko ardura. 

Marixi Sesma Sapere Aude Sinfonietta-ren sortzaileetako baten  iritziz, ordea, baditu bestelako berezitasunak emanaldiak. Behin kontzertuaren  gastuak estalita, Afagi Gipuzkoako alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkartearen alde bilduko dute dirua. Sesmaren hitzetan, ohikoa da horrelako kontzertuak Gabonetan eta data berezietan antolatzea; baina urtean egun guztietan da beharrezkoa arazo sozialen aldeko konpromisoa.  

Zumaiako alkate Oier Kortak eskerrak eman dizkio Sesmari, Sapere Aude Sinfonietta-ren kontzertuek orkestra baten aukera eskaintzen baitute musika jaialdiaren barruan. Afagiren lana ere txalotu du, ikuspegi sozialetik elkarteak egin duen ekarpenagatik. Haren hitzetan, garrantzitsua da arazo sozialekiko sentsibilizazioa lantzea, alzheimerra ezagutzera ematea eta gizarteratzea. 

Koldo Aulestia Afagiko presidenteak eskerrak eman dizkie Sesmari eta Kortari, Afagirekin gogoratzeagatik. Haren hitzetan, lotura estua dute dementziek eta musikak. Laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, alzheimerraren gizarteratzea jo du garrantzizkotzat: "Oraindik oso estigmatizatuta dagoen gaixotasuna da alzheimerra". Elkartearen kalkuluen arabera, 12.000 kasu daude Gipuzkoan. Nolanahi ere, dementziaren eraginak jasaten dituztenak 40.000 herritarretara hel daitezkeela uste dute: "Ohikoa da dementzia dutenen seme-alabak beren gurasoak zaintzen aritzea; normalean, alabak. Horien seme-alabei ere eragiten diete, ordea, beren gurasoen falta somatzen dutelako". Sesma ere bat dator Aulestiaren adierazpenekin, eta memoria galtzea "pertsona bati gerta diezaioken gauza okerrenetakoa" dela uste du.

Sarrerak eta donazioak
Emanaldirako sarrerak turismo bulegoan eskura daitezke, 10 euroren truke. Afagi elkarteari donazioak  sapereaudesinfonietta.com/sas-en-lagunak estekan edo transferentzia bidez egin daitezke, kontu korronte hauetan: ES97 2095 5078 3091  1554 0513 (Kutxabank) edo ES37 3035 0037 4103 70050506 (Laboral Kutxa).

Aulestiaren hitzetan, beharrezkoa da alzheimerraren garapena mantsotzea eta autonomia luzatzea. Horrez gain, senide bakoitza elkarrekin bizitzen ikastea eta bizi kalitatea hobetzea du helburu erakundeak.  Hori dela eta, psikosimulazio tailerra emango dute Zarautzen irailetik aurrera. Astean ordu eta erdiko bi saio eskainiko dituzte alzheimerra diagnostikatu zaien pertsonentzat. Bestetik, zaintzaileei arreta psikosoziala ere eskainiko zaie bailara osoan. Tailerretan parte hartzeko, 943 297 118-era, Afagiren telefono zenbakira deitu beharko dute interesatuek.