Gaur bueltatuko da Goikoetxea Jai Alai World Tourrera

Baleike 2018ko uzt. 6a, 15:20
IƱaki Osa Goikoetxea.

Iaz World Tourretik kanpo gelditu ondoren, txapelketara itzuli da Goikoetxea. Hossegorren jokatuko du gaur eta Markina Xemeinen bihar. 

Jai Alai World Tourraren bueltan antolatzen dira azken urteotan Euskal Herrian uda partean jokatzen diren zesta punta profesionaleko txapelketa nagusiak. Gaur eta bihar jokatuko dira aurtengo lehen partidak, Hossegorren eta Markinan, hurrenez hurren, eta bietan egongo da Iñaki Osa Goikoetxea.

Iaz desadostasun bat izan zen antolatzaileen eta pilotariaren artean, babesletza zela eta. Iazko oztopoak gainditu dira, zorionez, eta aurten pilotazaleek kantxan ikusi ahal izango dute Goikoetxea. Mexikotik itzuli berri da, sasoi onean, eta gaur bertan mugilduko da World Tourrean. Hossegorreko Grand Slameko final-laurdenetako lehen bi partidak jokatuko dira 21:00etatik aurrera: Goikoetxea-Portet / Lesbals-Aldazabal eta Beaskoetxea-Alliez / Curveur-Lekerika. Fnalaurrekoak uztailaren 20an eta 27an jokatuko dira, eta finala abuztuaren 3an.

Gaurkoarekin nahikoa ez eta bihar, larunbata, Markina Xemeingo frontoian (22:00etan) izango da Goikoetxea, hango Master Series txapelketako finalaurrekoetan. Ekhirekin osatuko du bikotea eta Barandika eta Aldazabal izango dituzte aurkari. Finala uztailaren 16an izango da, Karmengo Egunean.

"Sasoi betean nago"

Aurten udaberrian Mexikon partida asko jokatuta bueltatu da etxera, eta udari sasoi betean ekingo diola dio Goikok: "Beste urte batzutan uda hasieran partida batzuk behar izaten dira sasoi puntua hartzeko, baina aurten oso ondo nago. Ez dakit gero kantxan partidetan zer gertatuko den, baina ni oso ondo sentitzen naiz eta dena emateko prest nago" 

Bai Hossegorrekoa, bai Markina Xemeingoa, biak ere World Tourrerako puntuagarriak dira. Zumaian ere jokatuko da World Tourreko txapelketa bat (Master Series), abuztu amaiera eta irail hasiera artean –ziurrenik abuztuaren 25ean edo26an, 31n eta irailaren 2an–, baina datak oraindik zehaztu gabe daude. Goikoetxeak Zumaian jokatuko du aurten, eta pozik agertu da, iaz kanpoan gelditu eta gero: "Pozgarria da etxean jokatu ahal izatea, eta espero dut aurten txapelketa polita ikustea", adierazi du Goikok. 

Hauek izango dira Zumaian jokatuko diren bi kanporaketak: Goiko-Irastorza / Olharan-Etcheto eta Egiguren-Lopez / Zulaika-Erkiaga

Goikoetxeaz gain, Imanol Lopez ere ageri da aurtengo txapelketan parte hartuko duten pilotarien zerrendan. Egutegiaren arabera,Gernikako Gran Slamean jokatuko du lehen partida, uztailaren 21ean.