Elena Irureta: “Aktore lanetik ezin da bizi ez hemen, ezta Madrilen ere”

Baleike 2018ko eka. 28a, 10:19

Dagoeneko urte dezente ditugunontzat telesail berezia izan zen Bi eta bat. Euskaraz egiten lehen ‘sitcom’-etakoa izan zen, eta Estatu Batuetatik zetozen komediekin elikatzen ginenok nahikoa barre eta algara egiteko aukera izaten genuen Jose Lontxo gizagaixoaren kontura Jaione eta Idoiak egiten zituzten trikimailuekin. 21 urteren ondoren bueltan da Bi eta bat. Maite duen pertsonaia baten azalean sartzeko aukera izango du berriro Elena Iruretak. Ez hori bakarrik: urte askotan Madrilen lanean aritu eta gero, berriz ere etxean lan egitea izango du.

(Elkarrizketa hau 2012ko ekainean argitaratu genuen Baleike aldizkarian. Jasoko duen omenaldia dela eta webgunera ekarri dugu)

Aktoreena festa eta gau jaiez betetako bizitza dela pentsatu ohi da. Krisiak gizartearen esparru guztiak kolpekatzen dituen garai honetan egia bestelakoa da. “Egoera oso gogorra da. Gero eta pelikula eta telesail gutxiago egiten dira eta ekoizpen etxe batzuk ixten ari dira”. Madrilerako mila eta bat hegaldi hartua, ilusioz beteta hartu du Elenak berriro etxean lan egiteko aukera. Urduritasuna ere agerian du: hasieran sei episodio grabatuko dira, eta ikusleak kopuru batera heltzen ez badira, telesailak ez du jarraipenik izango. Audientzien diktaduraren adibide garbia da.

Artadin dagoen Landarte hotelean jarri dugu hitzordua. Orain 12 urte hartu zuen etxea, txukundu eta gela batzuk jartzeko. Aktoreen lanak gorabehera handiak izaten ditu eta etorkizunean diru-sarrera bat izatea zuen helburua. Lorategitik Santiago hondartzako eta Paroleko ikuspegia suma daiteke. Zuhaitzen artean lasaitasuna da nagusi; azpitik pasatzen den errepideko zaratak ez dira haraino heltzen. Etxea erakutsi ondoren, lorategian eseri gara ondorengoko hizketaldia izateko.

Bueltan da Bi eta bat. Kostatu da!

Ba, bai. Lehiaketa batzuez aparte, Euskal Telebistak ez du ezer berririk egiten. Fikziozko serieak garestiak dira eta gaur egun horretarako dirurik ez du.

Nola izan da komedia hau berreskuratzeko aukera?

Orain pare bat urte izan zen. Telmo ilobarekin hizketan esan nion urte asko neramatzala Madrilen lanean eta zer nolako gogoa nuen hemen zerbait egiteko, baina inork ez zidala deitzen. Berak esan zidan Bi eta bat zela bere telesail gogokoena eta ea zergatik ez genuen berreskuratzen. Orain zaharragoak ginela eta polita izango zela pertsonaia hauen bizitza kontatzea. Ideia bat bazuen eta gustatu zitzaidan: dirurik ezean, eta artxiboko irudiak erabilita, iraganeko kontuak gogora genitzake. Zinemaldi batean Eneko Olasagasti zuzendariarekin topo egin nuen eta ideia komentatu nion. Handik urtebetera-edo Carlos Zabala [hau ere telesaileko zuzendaria] hurreratu zitzaidan eta esan zidan Orio Produkzioak etxea interesatua zegoela. Atzera begiratze hori ez zuten gogoko, baina bai pertsonaia hauekin berriro bat egitea. Euskal Telebistara jo zuten ondoren. Beste bi telesailetarako ideiak zituzten eskutan eta erantzuna Gabonen inguruan ematekotan geratu ziren. Denbora horretan oso urduri egon nintzen. Baiezkoa eman zigutenean negargura eta dena sartu zitzaidan. Ai ama! Berriro hemen lan pixka bat egiteko aukera… Madrilerako joan-etorriekin leher eginda nengoen ordurako.

Berriro Idoiaren gorputzean sartuko zara. Zer egin du denbora honetan?

Aktorea izan nahi zuen pertsona txoroa zen nirea. Idoia Venezuelan ibili izan da foiletoiak egiten, baina gutxi eta eskasak. Handik ere diru eskean ibili izan zaio Jaioneri (Ane Gabaraini). Azkenean lortu du itzultzea eta biak pisu bila aritu dira. Azkenean lortu dute Jose Lontxoren (Jose Ramon Soroizen) etxean sartzea. Alarguna, eraikin oso baten jabea da hau. Eta handik ezta jainkoak ere ez ditu aterako! Eta beti bezala, ahalik eta probetxu gehien ateratzen saiatuko dira.

Jose Ramon eta Anerekin grabatu duzu berriro. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Oso ona. Jose Ramonekin telesail gehiago ere egin ditut. Berekin denbora gehiago pasa dut beste edozeinekin baino. Oso ondo konpontzen gara; izan ere, hainbeste ezagutzen dugu elkar! 56 urte ditut orain eta 23 nituela hasi ginen elkarrekin lanean. Anerekin ere antzera. Antzerki Eskolako lehen promozioetakoak izan ginen bostok: Jose Ramon, Carlos eta ni lehen promoziokoak izan ginen; Ane eta Eneko bigarrengokoak. Harrezkero batera ibili gara eta lagunak ere bagara.

Ikuslearentzat agerian zegoen ondo eramaten zinetela, bazegoela zuen artean kimika ona. Mantentzen al da itzulera honetan?

Bai. Oso erraza da elkarrekin lan egitea. Hainbeste ezagutzen dugu elkar, segituan sortzen da giroa. Ondo pasa ere bai. Gaur, adibidez, ezin genuen grabatu. Jose Lontxoren semearena egiten duen aktorea gaztea da eta bere lerroak ondo ikasita zeramatzan. Guk ere ikasten ditugu, baina segun zer nola doazen eszenak, gauzak sortzen doaz. Eta une batzuetan ezin genion barreari eutsi. Behin eta berriro grabatu behar izan ditugu eszenak. 

Hasiberri batentzat ez zen erraza izango.

Gazte honentzat errazagoa izango dela uste dut. Ikasteaz gain, soltura hartzeko ere balioko dio. Lanean ondo pasatzen bada, gauzak hobeto ateratzen dira, batez ere, komedia izanda. 

Zenbat kapituluz osatuko da telesail berria?

Oraindik ez dakigu. Inoiz ez dakizu zenbat izango diren. Beldur horrekin gabiltza. Hasieran sei episodio egingo dira eta segituan emitituko dira. Audientziak ez badu erantzuten, akabo!

Telebista asko aldatu da urte hauetan.

Txarrera egin du. Ez dizu hazten uzten. Aktore asko gara, ia denak berriak eta horiek denak aurkeztu beharko dira. Lehen episodioan ez da trama handirik egongo. Eta telesailari ez bazaio hazten uzten, ez badira tramak sortzen, etorkizuna arriskuan egon daiteke. Jende askok, gainera, ez du ezagutuko telesail zaharra. Episodio batzuk ikustea beharrezkoa da pertsonaiak ezagutu eta haria jarraitzeko. Gainera, maiatzaren amaieran hasiko dira emititzen [elkarrizketa hilaren hasieran egin zen] eta oso garai txarra da. Eguraldi ona egiten badu, zein geratuko da etxean telebista ikusten? Ikusiko dugu zortea dugun. Mantenduz gero, gehienez 13 kapitulu grabatuko lirateke. Saiatuko gara ahalik eta lan politena egiten.

Nola gogoratzen duzu lehen telesail hura?

Lagunen artean egin genuen lehen telesaila izan zen. Hura bukatu eta Jaun ta jabe egin genuen jende berarekin, eta gero Martin. Gero hutsune handia izan zen. 10-12 urte izango dira ez dudala hemen lan egin. 

Behin eta berriro errepikatu dituzte episodio zaharrak…

Hamalau aldiz bakoitza!

Berriro ikusten al dituzu?

Sekula ez. Ez dut gordetzen ez argazkirik, ez bideorik. Ez zait neure burua ikustea gustatzen. Behin edo beste tokatu izan zait irudiak monitorean ikustea zuzendari batek proposatuta. Ikusi eta, ‘ai, ama!’. Pentsatzen hasten naiz modu batera ez dudala jarri behar edo honela jarrita gaizki agertzen naizela. Horretarako nahiago dut aurrez ez ikusi. Paso egiten dut. Lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz eta balio badu, ondo. Zuzendariak esaten badizu ondo dagoela, aurrera.

Berriro ere komediara itzuli zara. Komediari lotuta doa zure ibilbidea.

Barre egitea eta barrea eragitea asko gustatzen zait. Ilusio handia egiten dit jendearen barrea eragitea. Pila bat gustatzen zait. 

Zer behar da komedian funtzionatzeko?

Ez dakit zer izan daitekeen. Adibidez, txiste bat kontatzen duzunean, eta ni oso txarra naiz txisteak kontatzen, batek kontatu edo besteak kontatu, ez du grazia berdina izaten. Zuk zeuk ondo pasatzen baduzu komedia egiten, hori transmititu egiten da. Komediarako sena behar dela uste dut. 

Generoen artean zailena dela esan izan da.

Ez da erraza barrea eragitea. Lehenbizi, gidoiak ona izan behar du. Txorakeria asko egin ditzakezu, baina gidoiak graziarik ez badu, alferrik da. Lana natural egin behar duzu. Gero, komedia izanda, torlojuari beste buelta bat eman behar diozu. Baina puztu egiten baduzu, frakaso. Marjina oso estua da, bestela oso zakarra gera daiteke eta, neurriz kanporakoa. Situazioak du garrantzia; situazioak grazia badu, ez duzu ia beste ezer egin behar.

Komedia duzu maite, baina estilo gehiago jorratu behar izan dituzu.

Aktore izanda, denetik egin behar duzu. Eskolan komedia gutxi erakusten ziguten, eta drama asko. Nik uste komedia egitea zailagoa dela. Drama egitea gustatzen zait, baina ez hainbeste. Ez dut hain ondo pasatzen. Badaude paper dramatiko oso onak, baina lan txikiak izanda, nahiago komedia egin.

Juanma Bajo Ulloa, Julio Medem edo Iciar Bollainekin beste mota bateko pertsonaiak lantzeko aukera izan duzu.

Beraiek ere ikasten ari ziren. Ezin esan Coppola batzuk zirenik. Bajo Ulloa pertsona jatorra da eta zortea izan zuen bere lehen bi pelikuletan. Gogoan dut anaia eta ama errodajean ibiltzen zirela laguntzen. Ama ekoizle aritzen zen lanean etxeko sukaldean tortilla bat egiten zuen bitartean. Bai Iciar, bai Julio ere oso pertsona normalak dira. Lehen pelikuletan zortea izateak ez zaitu bihurtzen zinemagile handi, nahiz eta egunkarietan eta promozioko orrietan hala agertu. Inoiz ez dakizu handik bost urtera zer gerta daitekeen.

Zinemako jendeak telebista gutxietsi izan du. Ez omen zuten inoiz telebistan lanik egingo.

Hori orain ez dizu inork esango. Zinema maila gorenean zegoela uste zuen jendea da, eta orain, zinema gutxi egiten denean, telebistan paperen bat aurkitu nahi izaten dute. 

Telesail askotan agertu zara, baina El comisario izan daiteke esanguratsuenetako bat.

El comisariok 11 urte egin zituen! Komedia moduan enfokatu zen hasieran, eta horregatik komediatik zetorren jendea hartu zuten. Baina oso komedia pasatua zen. Bi kapitulu eta erdi egin ziren Telecincok geratu zuen arte. Buelta bat eman behar zitzaiola esan ziguten, eta derrepentean beste telesail bat atera zen, guztiz poliziakoa. 11 denboraldi grabatu ziren; 11 urte egon nintzen Madrildik joan-etorrian.

Azken urte hauetan zenbait pelikula egin dira euskaraz eta horietako bitan egin duzu lan: Aupa Etxebeste eta Urte berri on, amona! Euskal zinemaren sorreraren aurrean gaudela uste al duzu?

Nahi bai. Badaude gauzak sortu eta egiteko gogoa, eta jende honi aukerak eman behar zaizkio lan egiteko. Baina dirurik ez dagoenean, ezinezkoa da. Zer egin behar du? Etxebizitzarekin abalatu? Oso zaila da proiektuak aurrera eramatea, baina uste dut gauzak aterako direla, nahiz eta dirurik gabe izan. Zumaian bertan ere gauza politak egin dira: Eneko Dorronsorok egindakoa [Ttaup ttaup, arraun kolpeka] zer polita zen! Zerbait kontatu nahi duenak lortuko du.

Zinema edo telebistako industriaren egoerari buruz hitz egiterakoan begiratua lainotu egiten zaio. Agerian da nekatuta dagoela. “El comisario telesailetik 3.000 aktore inguru pasa ziren. Eta non daude horiek guztiak? Lanean, baina ez zineman edo telebistan. Edozein motatako lanak egin behar izaten dituzte. Baita aurpegi ezagunek ere. Hemen nabil ni ere hotelean nire lanak egiten. Ezin zara deituko dizuten zain egon”.

Argi dago zaila dela aktore lanetatik bizitzea. Zuk Madrilera jo behar izan duzu.

Aktore lanetik ezin da bizi ez hemen, ezta Madrilen ere. Gauzak oso gaizki daude aktoreentzat, eta zer esanik ez teknikarientzat. Telesail batean, pelikula batean, soinu teknikari bat izango da. Mordoa daude eta eskoletatik ehunka ateratzen dira. Non egingo dute lan horiek? Ekoizpen etxeak ere ixten ari dira. El tiempo entre costuras egin zuen etxearekin gertatu da: iaz grabatu ziren episodioak, baina telebista kateak ez ditu emititu. Eta ezin dute kanpora atera aurrez hemen botatzen ez direlako. Egoera oso gogorra da.

Aktore batentzat beharrezkoa izango da kanpora joatea lana aurkitzera.

Han ere ez pentsa. Urrutiko intxaurrak hamalau, hara joan eta lau. Jendea larri dabil.

Zuri, baina, oraindik deitzen dizute.

Bai, nonbaiten ikusten naute eta adin honetako norbait behar dutenean nitaz gogoratzen dira eta deitzen didate. Batean lan egiten baduzu errazagoa da beste baterako deitzea. Ezezaguna bazara, berriz, oso zaila da inon hartzea. Lagunekin gertatu izan zait. Ona izanda ere, ezezagunak zirenez zuzendariek ez zituzten hartzen. Telesail batean edo pelikula batean agertu ez badira, ez dituzte kontratatu nahi izaten.

Aktore ezagun bat izateak, demagun Antonio Resines batek, segurantzia emango dio telebista kateari.

Baina gero ez da horrela izaten. Aurpegi ezaguna izateak ez dakar derrigor produktuak funtzionatuzea. Hala ere, beraiek politika horrekin jarraitzen dute, eta ez dute arriskatzen jende berria kontratatzen.

Emakumeen kasuan, adin batera helduta zailagoa izaten da paper onak lortzea.

Gizonezkoentzako pertsonaiak badaude, baina emakumezkoentzat oso gutxi. Gehienetan gidoilariak gizonak izaten dira eta gizonentzat idazten dute eta, noski, neska politentzat. Guri sobratzen dena ematen digute. Eskaini didaten azken aurreko papera ‘anciana muy debilitada’ bat zen. Hurrengoa: ‘moribunda’, ohean etzanda hitz egiten ez zuen emakumea. Hemendik aurrera halakoak etorriko zaizkit. Eta ez dituzu errefusatzen, lan egiteko aukerak ez dira-eta oso handiak. 

Urteekin, nola ikusten duzu zure ibilbidea?

Nik ez dut inoiz ibilbide bat bezala ikusi. Esan daiteke ez dudala inoiz bokaziorik izan. Lehen dentista batekin egiten nuen lan. Zerbait egin nahi nuen eta ‘au pair’ joan nintzen Londresera. Handik bueltan ez nekien nora joan. Antzerki tailerra zabaldu zutenean hara joan nintzen eta onartu ninduten. Garai hartan, goizez Donostiako dentista batekin egiten nuen lan eta arratsaldean eskolara joaten nintzen poz-pozik. Hurrengo urtean beka bat jaso nuen egun osoan ikasteko. Beka txikia zen, baina bizitzeko adina ematen zidan. Luxua zen niretzat bakarrik eskolara joatea! Eskolan muntaia batzuk egiten hasi nintzen. Bata bestearen atzetik etorri ziren, eta hala hasi nintzen mundu honetan. Gero Txirri, Mirri eta Txiribitonekin hasi ginen Aitzpea [Goenaga] eta biok. Urte askotan egon ginen lanean beraiekin Ikusmin ekoizpen etxean. Hau da hau, Beni eta Marini… Halako lanak egin genituen. Denbora askoan egon ginen beraiekin, eta beti oso ondo. Nirea lana egitea izan da beti, lana, lana, lana eta lana, eta zorionez hemendik bizitzea lortu dut, baina gorabeherekin. Lanik ez zegoenean Ama begira zazu eta antzerako antzezlanak atera ziren. Idatzi ere asko egin genuen, bai besteentzat, bai guretzat. Aktoreen lana oso polita izan daiteke, baina lana, lana da. Kanpotik beste zerbait ematen du, baina gogoan dut garai hartan haserre bukatu genuela elkarren artean. Martutenera joaten ginen kamioia kargatzera. Herri txiki batera joaten ginen, han deskargatu, muntatu, eskuak koipez beteta makilatu, eta eskenatokira atera. Antzezlaneko ordu eta erdi hori zen gutxiena. Amaieran, desmuntatu, kamioia bete eta Martutenera bueltan. Goizeko 4etan edo 5etan bukatzen genuen, leher eginda. Gazteak ginen eta gustura egiten genuen lan, baina oso nekatuta bukatzen genuen. Urte eta erdiren ondoren, ez genuen batak bestea ikusi nahi. Lagunak gara, baina… Ilusio handia behar da, eta orain ez daukat.

Antzerkian gutxi ibiltzen zara.

Oso gutxi. Lan asko ematen du eta konpromiso handia exijitzen du. Azkenekoan (El jefe de todo esto) ez nuen batere ondo pasa. Bada komedianteen bizitza kontatzen duen Fernando Fernan Gomezen pelikula bat [El viaje a ninguna parte]. Ba, ordutik ez dira gauzak asko aldatu.

Nabari da etorkizuna beltz ikusten duzula.

Beti ikusi izan dut beltza. Beti izan da zaila lana ateratzea, baina gaur, batez ere, egoera okerragoa da. Hala ere gauzak egiten dira eta aurrera egin behar da. Osasun txarrarekin, baina ikuskizunak beti egin behar du aurrera. 

Landarte ere hemen daukazu…

Bai, 12 urte dagoeneko. 2000. urtean zabaldu genuen. Beti pentsatu izan dut txiripaz bizitzen ari nintzela. Etorkizunera begira etxe bat hartu eta gela batzuk jartzeko ideia neukan. Hala sortu zen. Beti pentsatu izan dut gaur lana izango dudala, baina bihar ziur ezetz. Mantentzen gara, baina bata bestearekin.

Azken urteotan gehiago ikusten zaitugu Zumaian. Bandak edota Musika Eskolak antolatutako ikuskizun batzuetan parte hartu duzu.

Hemen bizi naizelako ere bai. Hainbeste denbora pasa dut kanpoan! Zumaian inoiz ez didate ezertarako deitu izan. Beste herri batzuetatik deitzen zidaten zerbait egiteko, baina Zumaiatik inoiz ez. Pentsatzen nuen nirekin ez zirela akordatzen ezertarako. Bandakoek deitu zidatenean kristoren ilusioa egin zidan. Pozik hartu nuen parte eta grabatzera joan nintzenean barre pila bat egin nuen. Zu ezagutzen zintudan [hau sinatzen duenak parte hartu zuen ikuskizun hartan], baina besteak ez. Nik jende gaztea ez dut ezagutzen, eta pentsatze hutsak gazte hauek edadeko jendearekin zerbait egin nahi dutela, ilusioa egiten du. Harrezkero beste gauza batzuetarako deitu didate. Musika Eskolako Sofiak [Oria] proposatu zidan Inauterietako jaialdian parte hartzeko. Telmo iloba ere irrikan zegoen, eta han joan ginen biok. Garrantzitsua da herrian egiten diren ekitaldietan parte hartzea. Oso jende jatorra dago herrian, eta gauza gehiago egin beharko genituzke elkarrekin. Ez al duzu hala uste?