Boxeo jaialdia egingo da larunbatean Lubaki kiroldegian

Baleike 2018ko eka. 26a, 09:01

Azken urteotan bezala boxeo jaialdia egingo da Zumaian San Pedro jaien egitarauaren barruan. Aurten larunbatean egingo da, hilaren 30ean, 20:00etatik aurrera Lubaki kiroldegian. Bost borrokaldiz osatuko da jaialdia eta sarrerak aurrez salgai daude. 

Zumaia Cuban Boxing klubak antolatutako jaialdia izango da hau. Iluntze horretan egingo diren bost borrokaldietatik bi Gipuzkoako txapelketakoak izango dira, eta bietan Anoeta klubeko eta Paco Buenoren gimnasioko boxeolariak neurtuko dira: 74 kiloko kategorian Anoetako Ricardo, Paco Buenoko Joshuaren aurka, eta 59 kilokoan, Iker (Anoeta), Oierren (Paco Bueno) aurka.

Beste hiru borrokaldiak txapelketatik kanpokoak izango dira, eta batean Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeolari bat arituko da: Mady Diamé. 64 kiloko kategorian arituko da eta Bizkaiko txapeldun den Jokin Badillo izango du aurkari. 

68 kiloko kategorian, Team Latigo klubeko Marcos, Indoor Gym gimnasioko Mohameden aurka arituko da. Izango da, baita ere, emakumezkoen arteko borrokaldi bat, 52 kilotan, Anoetako eta Bilbao Boxing klubetako boxeolarien artean. 

Sarrerak aurrez salgai daude Kabi eta Tximista tabernatan. Harmailetako sarrerak 8 euroan izango dira salgai, eta pistakoak 10 euroan. Egunean bertan Lubakiko atean ere izango dira salgai. 

Zumaiako borrokaldiaren ondoren, astebetera, beste saio bat izango du Mady Diamék. Pasai Antxon izango da, uztailaren 7an, bertan ospatuko dituzten San Fermin festetako egitarauaren barruan.

Entrenamenduak uztailan

Bestalde, uztaileko ordutegien berri eman du klubak. Astelehen eta asteazkenetan goizez egingo dira, 10:35-11:45 ordutegian. Astearte eta ostegunetan, berriz, arratsaldez izango dira, 19:15-20:35 ordutegian. Entrenamenduak Herrii Eskolako gimnasioan egingo dira.