Zumaiena Ikastetxea izango da Maria eta Joseren izen berria

Baleike 2018ko eka. 22a, 14:37

2017-2018 ikasturtea amaitu berri dute Maria eta Jose ikastetxean, eta oporrak aurrean edukita ere, hasiak izango dira datorren ikasturtea prestatzen Zumaiena ikastetxean. Izan ere, 146 urte ondoren, ikastetxeak izena aldatuko du: Maria eta Jose ikastetxea izatetik Zumaiena ikastetxea izatera pasako da Axular ibiltokiko eskola.

Ikastetxetik igorri duten ohar batean gogoratzen duten bezala, ikasturte honetan joan ziren ikastetxean mantentzen diren Vedrunako karmeldarretako zazpi ahizpak. “Amaiera bat baino, ikastetxearen jarraipen indartsu baten aurrean geundela aldarrikatu zuten. Honen adierazgarri, ikastetxeko giltza Zumaiako herritarroi entregatu ziguten”.

Giltza entregatzearen ekintzarekin, “gaur egun ikastetxean martxan dugun proiektua gu guztiona dela azpimarratzen”, gaineratu dute ikastetxeko zuzendaritzatik. “1871. urtetik abian dagoen proiektu batek ematen digun sendotasunean oinarrituz, Vedruna Instituzioaren, ikastetxeko langilegoaren eta guraso elkartearen balorazio eta babes osoarekin, ikastetxearen marka eraberritzea erabaki da”. Hala, irailetik aurrera izen berria izango du eskolak: Zumaiena ikastetxea, hain zuzen ere.  

Orain dela 700 urte Santiago hondartzaren guneak zuen izena berreskuratu nahi izan dute.  Horretaz gain, gaurko ikastetxe proiektuari indar handiagoa eman nahi diote. “Zumaiako herritarrez osatzen da gure proiektua eta zer hobeto, Zumaiako eta zumaiarren ikastetxea izanik, hori adierazten duen izen bat izatea baino. Izen berria, Zumaiako euskararen kutsuz, hau da, zumaiarrez esatearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Indarra eta doinua MAI-ri emanaz. zuMAIena Ikastetxea. Era honetara, gure bihurtuko dugulako. Zumaiena ikastetxea, zumaiarrena!”.