Bi paper atean

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2018ko eka. 21a, 15:13

Gaur goizean, kalera irten naizenean, bi paper ikusi ditut gure etxepean, atean pegatuta. Hurbildu eta irakurtzen hasi naiz.

Anticimex enpresak zerbait jakinarazi nahi zidan: gure kaleko eta ingurukoetako estolda- eta saneamendu-sarean arratoiak eta intsektuak hilko dituztela, bi egunetan; bizilagunontzat, gomendio bat ere bai: labezomorroei aurre egiteko tratamendua egitea. Hori guztia ederki ulertu dut, lehen irakurraldian, gaztelaniaz ere badakidalako, euskararen arrastorik ere ez zegoelako ez ohar batean, ez bestean.

Oharretako batean jartzen du “se realizará la campaña municipal de desratización”, eta pentsatzekoa da Udalaren baimena izango dutela horretarako, edo, seguru asko, Udalak berak kontratatuko zituela. Hala baldin bada, zer kostatzen da eskatzea eta ziurtatzea herritarrentzako jakinarazpenak gutxienez euskaraz izango direla? Beste alderdi batzuei (prezioari, denborari, lanaren kalitateari…) zorrotz begiratzen zaien bezala, zergatik ez betearazi hizkuntza-baldintza? Ez da hain zaila.

Arratoiak akabatzeko, intsektuak hiltzeko, labezomorroak desagerrarazteko… ez da euskararik jakin beharko, baina bi ohar triste eta labur idatzi behar zumaiarroi, inguruko ate guztietan jartzeko, eta gaztelania hutsean egitea…