Igor AEK euskaltegiak antolatutako bideo lehiaketak badu irabazlea

Baleike 2018ko eka. 19a, 14:17

Igor Zumaiako AEK euskaltegiak bigarren bideo lehiaketa antolatu du. 14 film laburrek hartu dute parte aurtengo lehiaketa honetan, eta irabazlea hemen ikus dezakezuen Ostegun Zaleaken filma hau izan da. 

Duela bi urte ekin zioten egitasmo honi Zumaiako euskaltegian, Igor Zendoia irakasle kide ohiaren omenez. "Bere bat-bateko heriotzaren ondoren haren gustukoak ziren bideo eta animazioak aintzat hartuta egin genuen lehen bideo lehiaketa, eta bi urteroko ekitaldi bat izango zela adostu genuen eskualde zabal batean biltzen garen euskaltegiok (Oriokoak, Zarauzkoak, Zestoakoak, Azkoitikoak, Aiakoak, Getariakoak eta Zumaiakoak)", adierazi dute antolatzaileek.

Bideoek lehen edizioan euskara izan zuten lelo eta ikasleentzat euskara zer zen azaltzeko eskaera egin zieten. 

Oraingo honetan, bigarren edizioan, ahoa eta belarria izan dituzte hizpide, eta 14 bideo egin dira Azkoitiako euskaltegitik hasi eta Orioko euskaltegiraino. Horietatik bost sailkatu ziren onenen artean eta ikasleek eta pasa den astean egin zen emanaldi irekian parte hartu zuen edonork bozkatu ondoren, Ostegun zaleak taldearen filma atera zen garaile. Zumaiako taldea da berau eta 0 mailakoak dira, aurten hasi berri-berriak.