Bihar ekingo diote arraunlariek KAE 1 ligari

Baleike 2018ko eka. 15a, 21:14

Gaur arratsaldean egin da, azken urteetan bezala, Zumaiako arraunlarien aurkezpena. Bertan izan dira gizonezkoen traineruko kideak, harrobiko hainbat gaztetxo eta baita beterano taldea ere. 

Gizonezkoen traineruak bihar ekingo dio KAE 1 ligako lehen jardunaldiari Portugaleten. Gaur, azken urteetan ohikoa izan den bezala, Zumaiako Arraun Elkartearen aurkezpena egin da Arbustain parean. Arraunlariez gain, zuzendaritza talde berria ezagutzeko aukera izan da.

Xabier Zulaika gizonezkoen entrenatzaileak KAE 1 liga lehiakorra dela aipatu du, baina mantentzeko helburua dutela nabarmendu du. Joseba Esnal presidenteak, berriz, "oso talde gaztea daukagu, batazbezteko adina 21 urtekoa da. Guztiak harrobikoak dira, baina ez dut zalantzarik egiten beraien onena eman eta maila mantenduko dutela", esan du.

Bestalde, emakumezkoen trainerua da, zuzendaritza taldearen beste helburuetako bat. "Epe motzera emakumezkoen trainerua uretaratu nahi dugu, eta lan horretan hasi gara dagoeneko".

KAE 1 ligako Zumaiako estropada uztailaren 7an izango da, San Fermin egunean. Beteranoen ligakoa berriz, ekainaren 30ean.