Pilotarien Batzarrak urteko bilkura egingo du igandean Zumaian

Baleike 2018ko eka. 12a, 09:18

Pilotarien Batzarrak urteko bilkura egingo du igande honetan Zumaian. Meza, asanblada, bazkaria eta omenaldiak egingo dira. Horretaz gain, Javier Carballoren argazkiekin osatutako erakusketa zabalduko da gaur arratsaldean Alondegian. 

Igandea izango da Pilotari Batzarraren egun handia. Hasteko, egunean zehar One Wall Gipuzkoako irekia jokatuko da Aitzuri frontoian. 11:00etan meza egingo da San Pedro parrokian. Ondoren Batzarreko kideei eta zuzendaritza taldeari harrera egingo zaie Alondegia kultur etxean. Bertan egingo da, jarraian, urteko asanblada orokorra.

13:00etan, eguraldiak laguntzen badu, Zumaiako Pilota Elkarteko gazteen arteko pilota partidak jokatuko dira Odietan. 14:30ean bazkaria egingo dute kirol portuko Marina Berri jatetxean. Hainbat lagun omenduko dituzte, tartean Zumaiako Kirol Elkartea eta Manuel Mugerza zumaiarra. Beste omenduak Jesus Murgiondo, Matxin II.a, Gloria Agirre Txikita de Aizarna, Peio Urtasun, Angel Dominguez, Mikel Berasaluce, Ignacio Bobadilla, Maité Edouard eta Joan Oliva i Segura izango dira.

Erakusketa Alondegian

Pilotarien Batzarraren asanbladarekin batera, argazki erakusketa zabalduko da gaur Alondegiko Oxford aretoan. Javier Carballok azken hiru hamarkadetan atera dituen 50 bat argazkiz osatzen da erakusketa hau, eta pilotaren modalitate guztiak jasotzen ditu, joko zuzenekoak eta hormaren aurkakoak, baina baita ere pilotak, guanteak, zestak edota palak egiten dituzten artisauenak ere. 

Erakusketa hau igandera arte egongo da zabalik, egunero, 18:30etik 20:30era.