'Emakumea eta Euskal Pilota' erakusketa ikusgai Bilboko Euskararen Etxean

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko eka. 11a, 14:00

Erraketistei buruzko erakusketa zabaldu dute Bilboko Euskararen Etxean. Erakusketa hau irailaren 15era arte izango da zabalik, eta bost ataletan banatuta dago: sakea, tanteoa, kantxa, kontrakantxa, eta hemen eta orain. Atal bakoitzean tresna eta testigantza ezberdinen bidez, ahaztutako erraketisten presentzia gogora ekarri nahi da XX. mendeko mundu mailako kantxetan. 

"Erakusketa honek omenaldia egin nahi die pilota-jokoan, zesta punta eta erraketa modalitateetan, kirolari profesional moduan aritu ziren lehenengo emakumeei, eta areago eman nahi ditu ezagutzera", adierazi dute antolatzaileek. Erakusketan zehar prentsa bat pilotetarako; karamukoak eta hariak; erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguelen bozetoak, LIFE aldizkariaren argazkiak, garaikurrak eta oroitzeko plakak, bildumetako kromoak, eleberri bat, prentsa-artikuluak, eta abar luze bat ikus daitezke. 

Pilota sortu zenetik, indar handia izan du Euskal Herrian, baina batez ere, gizonarekin lotuta egon da. Hala ere, emakumeek ere pilota jokoan aspaldidanik hartu dute parte, lorpen handienak erraketa jokoan izan dituztelarik. Azpimarratzekoa da gainera, erraketista hauek izan zirela emakumezko kirolarien artean lehen profesionalak. 

Hirurogei urte baino gehiagoz (1917-1980) iraun zuen Espainian eta Ameriketan erraketa jokoak. Denbora tarte horretan hainbat aldeketa egin ziren; pilotan, erraketetan, janzkeran... Garai hartan, euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste toki batzuetako jokalariak haiekin aritu ziren: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko.

Erraketa jokoak, beste kirol batzuek bezala, kultura nabarmena sortu zuen inguruan. Garaiko egunkariek emakume erraketisten entzutea eta abilezia isladatu zuten, baita El Pelotarialdizkariak ere. Literaturak, zinemak edo telebistak ere jaso zuten erraketista haienganako eta haien munduarenganako interesa.