"Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik"

Baleike 2018ko eka. 10a, 13:52

Eguraldi ederrarekin ari dira ospatzen Gipuzkoako Eskola Txikien festa Oikian. Goizean goizetik izan dira ekitaldiak herrian zehar banatutako bost guneetan, eta iluntzera arte jarraituko dute.

Eskola berria eraikiko duten zelaian egin dute festako harrera ekitaldia. Oikiako bizilagun asko hurreratu dira bertara, haur, heldu eta edadetu. Baina baita ere Gipuzkoako herri txikietako gurasoak eta haurrak ere. Zentzu horretan aipatzekoa da Aizarnazabaleko zenbat herritar hurreratu diren mendi buelta eginda Oikiara.

Txalaparta doinuekin hasi dira ekitaldiak, eta gero Oikiako eskola txikiko ikasleek abesti bat kantatu dute. Haur hauek izan dira goizeko protagonistak, abesteaz gain, bizpahiru koreografia ere dantza dituzte eta.

Oier Korta Zumaiako alkateak eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuak hartu dute hitza jarraian. Alkateak ezinbestekotzat jo du instituzioetatik herri txikietako jarduerak bultzatzea, eta azpimarratu du eskola txikiek auzoei bizitza ematen diela.

Eskola txikietako jaiek duten xarma berezia goraipatu du Uriartek. "Eskola txikiak, txikiak bezain erakargarriak dira. Eskola txikiak osatzen duzuen familiak, ikasleak, langileak, guztiz bertakoak sentitzen zarete, harro sentitzen zarete zuen izaeraz, eta hori zuen seme-alabei transmititzen diozue". Oikian eraikiko den eskola berriari dagokionez, lanak uda honetan hasiko direla aurreratu du eta urtebeteko epean egingo direla. "2019-2020 ikasturterako ateak zabalik izango ditu".

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok hartu du jarraian hitza eta herri handietako bizi kalitatea herri txikietara ere zabaldu behar dela nabarmendu du. Zentzu horretan, digitalizazio kanpaina baten berri eman du, internet auzo eta herri txikietara ere zabaltzeko.

Goizean zehar errepikatu den oihu batekin amaitu da harrera ekitaldia: "Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik".

Oikiara gerturatu diren haurrak multzotan banatu dituzte, eta gidarien laguntzarekin gunez gune aritu dira bertan antolatutako ekintzatan parte hartzen. Haurrentzako jokoak izan dira, eta baita aurpegi margotzeak ere. Arrakasta galanta izan duena letxugak landatzeko tailerrak izan dira.

Arratsaldean gehiago

Ekitaldiek arratsaldean jarraituko dute. 15:00etan zaldiak, pottokak eta poniak izango dira, eta 15:30ean Zumaiako Musika Bandaren dantzaldia. Arratsaldean zehar puzgarriak izango dira, eta 16:00etatik aurrera Gorriti eta Lopeneren animaliak. Jarraian, 16:30ean, Potxin eta Patxin Pailazoen 'Hondartzan' ikuskizuna izango da, eta, eguna amaitzeko, 18:00etan, apar festa.