Imanol Azkuerentzat da Zumaiako euskararen historia soziala ikertzeko beka

Baleike 2018ko eka. 5a, 15:07

Epaimahaiak ontzat eman du Imanol Azkueren proiektua. Guztira, 11.000 euro jasoko ditu eta 18 hilabeteko epea izango du ikerketa lantzeko.

Zumaiako Udalak herriko euskararen historia soziala ikertzeko beka deialdia egin zuen martxoa amaieran, eta pertsona bakarra aurkeztu zen: Imanol Azkue. Hala ere, epaimahaiak ontzat jo du Azkuek aurkeztu zuen proposamena, eta 18 hilabetetan, proiektua egiteko ardura izango du.

Epaimahaia bi adituk osatu dute: Lionel Jolyk, Euskaltzaindiaren EHS saileko kideak, eta Belen Urangak, Soziolinguistika Klusterreko teknikariak. Biek ere ontzat eman dute hautagaiak aurkeztutako proiektua, eta proposamena "oso egokia eta txukuna" dela esan dute.

Ikerketaren helburua Zumaiako euskararen historia soziala aztertzea izango da; zehazki, gai horri lotutako informazioa bildu, ordenatu eta dibulgaziorako prestatzea. Ibilbide hori osorik aztertzea lan izugarria dela jakinik, lehen deialdi honetan 1766 eta 1966 bitarteko epea hartuko du ikerketak.

Imanol Azkuek era askotako iturriak arakatzea proposatu du: Zumaiako Artxiboa (aktak batez ere), inguruko beste artxibategi batzuk, hemerotekak, ahozko lekukotzak (ahotsak.eus webgunekoak tartean), gaiari buruzko azterlanak eta Zumaiari eta zumaiarrei buruzko lanak: historikoak, biografiak eta abar. Euskaltzaindiak proposatutako metodologia hartuko du eredutzat eta horretarako prestakuntza berezia jasoko du.

Ikerketa lana 18 hilabeteran egin beharko du Azkuek, eta horretarako, jarraipen batzorde bat izango du alboan. Proiektua amaitutakoan, emaitza bikoitza izango da: ikerketaren azalpena, batetik, eta gaiari lotutako aipuen bilduma, bestetik. Amaitzeko, lana jendaurrean aurkeztuko du.