Leire Baraibar laugarren izan da Euskal Herria Mendi Erronkan

Baleike 2018ko eka. 3a, 10:41

Leire Baraibar Leitzako helmugan. Argazkia: EHME

Zortzi ordu, 49 minutu eta 19 segundo behar izan ditu Leire Baraibarrek ibilbideko 67 kilometroak osatzeko. Bere aurretik podiuma osatu duten Izaskun Zubizarreta, Uxoa Irigoien eta Silvia Trigueros iritsi dira. Mikel Etxeberriak 14. postuan amaitu du gizonen lasterketa.

Leitzan hasi eta bukatzen da Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa. 67 kilometroko ibilbidea osatu behar dute korrikalariek, hainbat tontor gaindituta. Guztira, 7.200 metroko desnibela dauka lasterketak. Joka daitekeen gogorrenetakoa. Esfortzu horrek erakarrita hartu du aurten parte Leire Baraibarrek. Eta asmatu du indarrak neurtzen, azken txanpan Elena Calvillo gainditu eta laugarren postuan amaitzeko gai izan baita.

Gizonen lasterketan Raul Macarro, Igor Amantegi eta Iker Karrera izan dira lehen hiru sailkatuak. Mikel Etxeberria zumaiarrak 14. postuan amaitu du, zazpi ordu 52 minutu eta 26 segundoko denborarekin. Lasterketaren bigarren partean bizpahiru postu galdu ditu Etxeberriak, baina hamargarren postua ez du oso aparte izan.

Hemen dauzkazue sailkapenak: Euskal Herria Mendi Erronka 2018