Zeramika suaren menpe

Baleike 2018ko eka. 1a, 12:35

Keixetak Foronda kultur etxean emandako zeramika tailerra amaitu da aurtengoari dagokionez. 11 ikasle izan ditu urtean zehar, eta bertan egindako lanen erakusketa zabalduko da gaur arratsaldean Alondegian (egur tailla tailerreko erakusketa ere izango da batera). Tailerra amaitu aurretik, baina, Raku izeneko teknika ikasteko aukera izan dute zeramika tailerreko ikasleek. 

Raku zeramika tradizionalean ontziak egosteko teknika bat da. XVI. mendean sortu zuten Japonian. Irakasleak adierazi duenez, buztin errefraktarioa erabiltzen da, batez ere katiluak egiteko. Piezak lehortu ondoren, esmalte edo oxido metalikoz margotzen dira. Labean 900 grado inguruan egosten dira, eta gori-gorian daudenean labetik atera eta zerrautsez edo hosto lehorrekin estaltzen dira, kea sortuz. Giro oxidantetik erreduktorera pasatzen dira piezak, eta aldaketa horretan koloreak zeharo aldatzen dira, metal disdiratsu itxura hartuz. Prozesua amaitzeko, piezak hozt egiten dira, eta batzuetan uretan sartzen dira; tenperatura aldaketa azkarra izaten denez, esmaltea pitzatu egiten da, krakelatua deritzon testura hartu du, eta ontziek zahar itzura hartzen dute.

Asteazkenean eta ostegunean egin ziren teknika hau erakusteko saioak. Ontziekin aplikatu zuten teknika, baina, baita ere, lepokoekin eta pieza txikiekin. Ontziak labean egosi zituzten. Horretarako hiru orduz izan da martxan, tenperatura horretaraino heltzeko. Pieza txikien kasuan, aldiz, soplete indartsu bat erabili zuten. Ikasleak harrituta zeuden piezek kolore eta tonu desberdinak hartzen zituztelako. "Hori da suaren eragina", erantzuten zien Keixetak. 

Lan hauek ekainaren 10era arte Alondegiko Oxford aretoan egongo den erakusketan ikusi ahal izango dira.