Gure Esku Dagoren giza katearekin bat egin dute Zumaiako EAJ-PNVk, EH Bilduk eta Jon Iraolak

Baleike 2018ko mai. 31a, 12:17

Zumaiako EAJ-PNVk, EH Bilduk eta atxikitu gabeko Jon Iraola zinegotziak bat egingo dute Gure Esku Dagok ekainaren 10erako deitutako giza katearekin, eta mugimendu honek antolatuko dituen ekintzekin. Hala, adierazpen instituzionala adostu eta onartu dituzte. 

Hemen irakurri dezakezue adierazpen instituzionala:

ZUMAIAKO HERRIARI

Euskal herritarrok bidegurutze batean gaude: hegoaldetik datozen haize atzerakoiak ditugu alde batean, eta demokrazian oinarritutako ziklo berri bat bestean. Zein bide hobesten dugun argi adieraziko dugu ekainaren 10eko giza katean. Erronkari heltzeko prest gaude. Erabakira iritsi arte lan egiteko daukagun determinazioa erabatekoa da. Etorkizun hobe batean sinesten dugulako, ziklo berria zabaltzeko mugarria jartzera goaz. Mugarri hori urrunago edo hurbilago jarri, gure esku dago. Herritarron esku. 

Egungo marko juridiko-politikoak ezartzen dituen oztopoak nahikoa ez eta egungo markoa are eta murritzagoa nahi dutenek gure erakundeak jo puntuan jarri dituzte, herritar denon oinarrizko eskubideak urratzeko inolako erreparorik gabe. Katalunian aplikatu du Espainiako estatuak aurrenekoz 155. artikulua, baina Euskal Herrian ere aplikatu dezake. Ez dezagun ahaztu.

Orain arte gatazka politikoa zena, erronka demokratiko bihurtzea lortu behar dugu.

Argi dugu, epe luzerako elkarbizitza bermatzeko ezinbesteko baldintza dela erabakitzeko eskubidea gauzatzea. Elkarrekin etorkizun demokratiko, justu eta duina eraikitzeko bidean, inoiz baino argiago dagokigu askatasunaren eta eskubide zibil eta politikoen defentsan elkarri eskua ematea. Hain justu, ekainaren 10eko giza kateak balio behar du adierazteko herri hau ez dagoela prest atzera egiteko bere asmo eta helburuetan, aurrera egiteko determinazioa duela. Halaber, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea erakutsi behar du mobilizazioak, horrek ahalbidetuko duelako mugak eta oztopoak gainditzea eta urrutira iristea.

Euskal Herritarrok erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ditugun milaka arrazoiak biltzen dihardu Gure Esku Dagok; horixe baita, finean, Herritarron Ituna. Erabakitzeko arrazoien bilduma; herritarren behar, ilusio, asmo eta zergatiak jasoko dituen bilduma zabala. Eta zertarako arrazoi bilketa hori? Bada, arrazoi horiei guztiei demokratikoki bide emateko, eta horretarako behar diren tresnak eta adostasun esparruak elkarrekin eraikitzeko. ‘Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da’ leloetatik abiatuz, erabakitzeko eskubidea edukiz beteko dugu. Etorkizunean elkarrekin eraiki behar dugun herriari eta gizarte ereduari buruz abiatu beharreko eztabaida zabalari ekarpena egin nahi dio egitasmoak.

Abiapuntu gisa, 2019 arrazoi biltzeko asmoa du GEDk, 2019. urtea duelako jomugan. Esparru anitzetan, gizarte mailan, erakundeetan, zein nazioartean egiten ari diren urrats guztiek bat eginda, datorren urtean erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezkeela sinesten du. Euskal Herritarrok nolako etorkizuna nahi dugun irudikatu eta eztabaidatzen hasteko unea da.

Ziur gaude erabakitzeko arrazoien bilketak lagunduko digula ikustarazten nola gauden herri gisa, eta ohartarazten zein diren gure beharrak eta gure mugak. Herri gisako erronkak eta lehentasunak zehaztu eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua adosteko unea iritsiko da orduan. Denon artean heldu beharreko erronka, eragile politiko eta sozialek eta herritarrok elkarrekin osatu beharrekoa. Horixe da GEDek aipatzen duen Herri Ituna. Eztabaida, ekarpen, proposamen eta adostasunaren bidez eraikiko dugun tresna dinamikoa izango da. 

Erabakitzeko eskubidea badugu eta arrazoiak ere soberan ditugu. Gauzatzeko ibilbidea elkarrekin adostea dagokigu orain. Eta hori guztion ardura da. Herri bezala jarduteko garaia da. Elkarrekin. Ezin baitugu aukera historiko hau galdu. Ezin gara geldirik geratu. Gure garaia da. Herritarrona. Determinazio osoz goaz aurrera, herritar burujabeok eraikiko dugun herri burujabera. Jende zoriontsua izan nahi dugulako, herri libre batean. Ekainaren 10ean eman diezaiogun eskua etorkiZUnari!

Erabakitzeko eskubidea dugu! Erabakitzeko milaka arrazoi ditugu! Adostu dezagun bidea elkarrekin 

Guzti honengatik, ZumaiakoEAJ-PNVk, EH Bilduk eta atxikitu gabeko Jon Iraola zinegotziak bat egiten dute GURE ESKU DAGOK antolatzen dituen ekimenetan eta herri guztiari deia luzatzen diete EKAINAK 10ean egingo den GIZA KATEAN parte hartzeko, bertaratzeko izena emanez, egun hauetan zehar horretarako jarriko diren mahaietara agertuaz.

Zumaian, 2018ko maiatzaren31n