'Lurraren bidean' dokumentala aurkeztuko dute gaur Itziarren, Europako Geoparkeen Astearen barruan

Baleike 2018ko mai. 31a, 08:47

Europako Geoparkeen Astearen barruan, gaur, Lurraren bidean dokumentala aurkeztuko dute Itziarren, Burugorri aretoan, 19:00etatik aurrera. Arturo Apraiz izango da saioaren aurkezlea, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko irakaslea eta dokumentalaren zuzendari zientifikoa.

Dibulgaziozko lan hau UPV/EHUk, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ibaizabal Elkarteak ekoiztu dute. Aiako Harriatik abiatuz gure herriaren historia geologikoaren altxorrak deskubritzeko aukera izango da. Euskal Kostaldeko Geoparkea da saio honen antolatzailea, Itziarko Auzo Udalaren laguntzarekin. Sarrera doan da.

Geo Talk arrakastatsua Aita Marin

Geo Talk saioa izan zen atzo Aita Marin Europako Geoparkeen Asteko programazioaren barruan. Lehenbizi James Cameronek ekoiztutako Volcanes del mar profundo dokumentala erakutsi zen, eta jarraian solasaldia izan zen: Carlos Briones CSICeko astrobiologia zentroko biokimikaria eta Therry Juteau Bresteko unibertsitateko katedradun emeritoa izan zituen Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak solaskide. 

Juteauk itsas azpiko fumarola beltzak aurkitu zituen 1979an, eta aurkikuntza horri buruz aritu zen hizketan, besteak beste. Brionesek, berriz, Lurreko bizitzaren sorreraren inguruko teoriak azaldu zituen, hurrenez hurren. Jende kopuru handia inguratu zen Aita Marira, eta solasaldi atsegingarri bat jarraitzeko aukera izan zuten.