Etorkizuna Eraikiz Gunea martxan da

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko mai. 30a, 16:00

Etorkizuna Eraikiz Gunea Estatuan administrazio publiko batek martxan jartzen duen lehen politika publikoen laborategiak. Hub-a Gipuzkoako Foru Aldundiko beheko solairuan dago, 200 metro karratuko lokalean, eta herritarrentzako irekita izango da gaurtik aurrera. 

“Erabiltzaileek eta ideia eta proiektuen bultzatzaileen arteko erlazioa bultzatzeko esperimentazio gune bezala jaio da Gunea, sektore ezberdinen artean loturak sortuz eta beraien arteko sinergiak sustatuz. Azken finean, Etorkizuna Eraikizeko plaza publikoa da”, azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok.

Etorkizuna Eraikiz Guneak hiru espazio ezberdin ditu, hiruak ere irekiak, bisitagarriak eta kaletik ikus daitezkeenak. Alde batetik, bilera gela bat dago, Gipuzkoako Foru Aldundiko zein Etorkizuna Eraikiz proiektuko pertsonal tekniko eta politikoarentzat erabilgarri dagoena. Bigarren eremuaren helburua bisitariei programa hau zer den azaltzea da. 85 metro karratu ditu, eta esposizio panelak, video-walla, proiektu ezberdinak azaltzen dituzten eskuorri ezberdinak dituen murala eta tabletak eta eserlekuak dituen mahai zentrala ditu, azken hau informazio bilaketa aurreratuagoak egiteko.

Hirugarren gela erabilera anitzeko eremua da. Video-wall bat du, eta era ezberdinetako jarduerak aurreikusten dira: aurkezpenak, elkarrizketak, proiekzioak, mintegiak, erakusketak… 60 pertsona sartu daitezke espazio honetan, baina badago aukera 100 pertsona ere sartzeko, bigarren eremuarekin lotzen bada. 

40 ekitaldi inguru programatuta ditu hemendik urte amaierara: mintegiak, topaketak, konferentziak, etab. Etorkizuna Eraikiz Foroa ere egingo da urtean lau aldiz. “Hausnarketarako eremua izango da, kualifikazio altuko pertsonek etorkizuneko ikuspegia dakarten hitzaldiak eskainiko baitituzte foro honetan”, adierazi du Imanol Lasa, foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatuak.