Altxorra etxe alboan

Baleike 2018ko mai. 28a, 20:02

Natura 2000 eguna zela eta, Santiagoko hondartzako berezitasunak ezagutzeko aukera berezia izan zen pasa den larunbatean. Santiagoko dunaren eta bertan sortzen diren espezien berri eman zuten Jon Zulaika Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak, eta Aitor Leiza naturazaleak. 

Eguraldi kaskarrari aurre eginez, dozena bat lagun hurbildu zen goizeko 9:00etarako Santiagoko hondartzara. Ekitaldiak aurrera egin ahala, jende gehiago joan zen agertzen. Euskal kostaldean ditugun hondartzen, eta hondartza horietan aurki daitekeen hondarrari buruz hitz eginez hasi zen Zulaika. Mareen eta denboraleen ondorioz, hondartza gehienetan hondarra mugitzen aritzen dela aipatu zuen. Santiagokoan, ordea, halakorik ez dela gertatzen azpimarratu zuen. "Itsasoa hasiera batean Zuloagako lursaileraino helduko zen. Baina, urteekin dikeak eta eskoilerak egiten joan dira, eta haien babesean joan da hondartza hazten". Azken hamarkadatan hondartza hau etengabe hazten joan dela gogoratu zuen. "Hamarkada hauetan 200 metro baino gehiago luzatu da Santiagoko hondartza".

Horrek bertako duna hazten ere lagundu du. Berez, bere sorreragatik, duna "artifiziala" dela aipatu zuen Zulaikak, eskoileraren babesean sortu zelako. "Baina, bere garapena erabat naturala izan da". Euskal kostalde osoan mantentzen den duna bakarrenetakoa dela era aipatu zuen teknikariak.

Duna hau babesteko eta sendotzeko lan batzuek gauzatu ditu Aldundiak Arcos life programaren barruan. Hala, batetik, pinu batzuek moztu zituzten. Baina, bestetik Euskal Herriko landare mehatxatuen katalogoan galzorian azaltzen zen espezie bat ere landatu zuten. itsas alpapa (Medicago marina). "Hego Euskal Herrian sei lekutan azaltzen zela badakigu baina gaur egun denetatik, Zarauztik izan ezik, desagertu da. Arcos life proiektuko lanen barruan, Zumaian landatu ziren iaz Zarautzen jasotako hazietatik lortutako landare batzuk eta aurten, horietako batzuk jada loratu egin dira".

Badira Santiagoko dunan, eta baita Euskal Kostaldeko Geoparkearen eremuan ateratzen diren beste landare batzuek, eta horiek orkideak dira. Landare hauek loratuta ikusteko garaia ez dela adierazi zuen Zumaiako Natur Taldeko kide Aitor Leizak, baina, hala ere, espezie hauetako batzuk ikusteko aukera izan zen larunbat goizean. Santiagoko duna bizirik dagoela erakutsi zuten ekimenean zehar.