GeoTalks ekimenaren bigarren edizioa egingo da asteazkenean Aita Marin

Baleike 2018ko mai. 28a, 12:27

James Cameron film zuzendari eta ekoizleak duela 15 urte Zumaian filmatu zuen Itsaso sakoneko misterioa (Volcanoes of the Deep Sea) dokumentalaren emanaldia izango da 19:00etan. Ondoren, solasaldi irekia egingo da.

Geoparkeen Europako Astearen baitan, maiatzaren 30ean, asteazkenean, GeoTalks ekimenaren bigarren edizioa egingo da Zumaian. Ekitaldiaren oinarria, duela 15 urte James Cameron film zuzendari eta ekoizle kanadiarrak Zumaian grabatu zuen Itsaso sakoneko misterioa dokumentalaren proiekzioa izango da. 45 minutuko iraupena du filmak, eta itsaso sakonera bidaia zirraragarria egiteko gonbidapena egiten du. 

Dokumentala amaitzen denean, solasaldi irekia egingo da eta itsaso sakoneko misterioen inguruan arituko dira bi zientzialari eta komunikatzaile ezagun. Alde batetik, Thierry Juteau, Bresteko Unibertsitateko katedradun emeritua eta geologoa, eta bestetik, Carlos Briones, CSICeko Astrobiologia zentroko ikertzailea eta bizitzaren jatorriari buruz ikertu duen zientzialari ezagunenetakoa. 

Juteau, Alvin batiskafoaren barruan sartuta, fumarola beltz aktiboak ikusten lehen zientzialaria izan zen. Itsaso sakoneko misterioak ondoen ezagutzen dituen zientzialarietako bat da. Briones, berriz, biokimikaren arloan izan duen ibilbide oparoaz gainera, idazlea eta estatu espainiarreko dibulgatzaile ezagunenetakoa da. Publikazioen artean, nabarmentzekoa da bere azken liburua Orígenes. El universo, la vida y los humanos, Prisma 2016 zientzia dibulgazioko liburu onenaren saria jasotakoa.

Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoak, moderatzaile lanak egingo ditu. Ekitaldia 19:00etan hasiko da Aita Marin, eta irekia izango da.