GKN Driveline enpresara egin du bisita gaur Markel Olanok

Baleike 2018ko mai. 23a, 15:16
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Berrikuntzaren garrantzian jarri du gaur arreta Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta aurtengo bono teknologikoen 450.000 euroko laguntza deialdia iragarri du.

“Gipuzkoan daukagun 4.0 industriaren erakuslerik onenetarikoa da GKN Driveline enpresa", adierazi du gaur goizean Markel Olanok Zumaiara egin duen bisitan. Bere iritziz, lurraldearen etorkizun ekonomikoa bermatzeko erarik eraginkorrena berrikuntzaren alde egitea da.

Hain zuzen, GKN Driveline enpresak azpiegitura oso aurreratuak ditu Zumaian. Ekoizpen zelula aurreratuak dituzte, eta baita transmisio eta motor elektrikoen B+G garapen zentroak ere, eta digitalizazioaren aldeko apustu sendoa egin du. Ahalegin honi esker, pasa den urtean GKNren Drivelinek dibisioko lantegi onenaren saria eskuratu zuen. Dibisioa 46 lantegi ezberdinetan lan egiten duten 28.000 langilek osatzen dute.

Olanok egin duen bisitan, bono teknologikoen 450.000 euroko laguntzaz mintzatu da. Bono horien helburua da lurraldeko enpresa txiki eta ertainei 4.0 industria eta fabrikazio aurreratuko teknologietara sarbidea erraztea.

Diputatu nagusiarekin batera Zumaian izan dira Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatu den Ainhoa Aizpuru eta Ekonomia Sustapeneko foru zuzendari den Garikoitz Agote. GKN Driveline enpresaren aldetik Txomin Oronoz zuzendaria, Giza Baliabidetako zuzendaria Iñigo Zaldua, Ingeniaritzako zuzendaria Beñat Lopetegi, eta Ekoizpeneko zuzendari den Dani Azkue egon dira.