Eneko Carretero bigarren izan da Espainiako Bloke Txapelketan

Baleike 2018ko mai. 21a, 12:41

Pasa den asteburuan jokatu zen Espainiako Bloke Txapelketa Bartzelonan, eta eskalatzaile zumaiarrak zilarra ekarri zuen etxera. Finalean lehia estua izan zuen Hector Bazanekin.

Espainiako Bloke Txapelketa jokatu zen maiatzaren 12an eta 13an Bartzelonan, eta bertan hartu zuen parte Eneko Carreterok. 18 urte azpiko mailan lehiatu zen eskalatzaile zumaiarra, eta faborito nagusia izan arren, bigarren amaitu zuen.

Hector Bazan kataluniarra izan zuen finalean aurkari. Sailkapenetan bi lehiakideek seina top egin zituzten, eta finalean ere oso berdinduta jardun zuten, izan ere, launa bloke sinatu zituzten. Carreterok, baina, ekinaldi gehiago behar izan zituen, ondorioz, zilarra eskuratu zuen.

Carreteroren jarduna ez zen hor amaitu. Senior mailan ere lehiatu zen eta bosgarren postu txukun bat egin zuen. Sailkapenen txandan bikain ibili zen, eta sei blokeetatik bost sinatu zituen. Lan horri esker, finalera igaro zen, eta azken saioan, top bat egiteko aukera izan zuen.