Ander Torriko: “Benidormen ez jarraitzea erabaki dut”

Baleike 2018ko mai. 17a, 16:46
Argazkia: BM Benidorm

Asobal ligako 2017/2018 denboraldia asteburu honetan amaituko da, eta dagoeneko hasi dira taldeak hurrengo denboraldiari begira. Fitxaketen merkatua negoziaketa bete-betean aurkitzen da, eta zurrunbilo horretan, Ander Torrikok Benidormen ez jarraitzea erabaki du.

Bi denboraldi egin dituzu Benidormen, eta urtebete luzatzeko aukera izan duzu. Zergatik esan duzu ezetz?

Benidormera etorri nintzenean bi urteko kontratua sinatu nuen, urtebete luzatzeko aukerarekin. Taldeak Aste Santuan berritzeko aukera eman zidan. Egun horietan gurasoak etorri ziren, hitz egiten egon ginen eta taldeari esan nion pentsatu egingo nuela. Ordutik asko egon naiz pentsatzen, baina azkenean ez jarraitzea erabaki dut. Arrazoi nagusiak entrenatzailea eta jokatzeko izan ditudan aukera gutxiak izan dira. Gaztea naiz, eta beste talde batean agian jokatzeko minutu gehiago izango ditut.

Iaz, denboraldi erdian entrenatzaile aldaketa izan zenuten.

Zupo Ekisoain eskubaloiko historikoetako bat etorri zen eta taldea mailaz mantentzea lortu zuen. Bi urteko kontratua berritu zioten eta hurrengo denboraldian ere bera izango da entrenatzailea. Beteranoen aldeko apustua du, betiko 7-8 jokalari ditu eta horietatik ez da asko mugitzen. Hori da bere filosofia. Gazteoi ez digu aukera asko ematen. Ez da ez delako fidatzen, baina ez du pausoa ematen. Uste dut, berarekin jarraituz gero, ez dudala nik nahi adina aurrera egingo eta ikasiko.

Jokalari dezentek utziko duzue taldea?

Ni kontatuta, zazpik utziko dute. Urtebetean aldaketa handia da hori, gehiegi, agian. Bakoitzak bere arrazoiak ditu: batzuk gutxi jokatu dutelako baita, beste batek bere jaioterrira nahi duelako bueltatu, kontratua berritu ez diotenak ere badira…

Nolako denboraldia izan da aurtengoa?

Iaz baino lasaiago ibili gara. Lehen itzulia 13 punturekin amaitu genuen, gero etxean partida batzuk irabazi eta bospasei partida faltan maila mantentzea lortu genuen. Goiko postuetara ere begira egon ginen momentu batean, baina zorte txarra izan genuen. Gakoak ziren pare bat partida galdu genituen eta aukera hor galdu genuen. Helburua zen lehen zortzietan sartzea. Horrek datorren urtean Kopako txapelketan bi kanporaketa ez jokatzea dakar.

Denboraldi gazi-gozoa izan da zuretzat?

Boladak izan dira. Gabonetan torneo bat izan genuen Holandan eta ordura arte, azken partida kenduta, nahikoa jokatu nuen. Baina lehen esan bezala, entrenatzaileak ez du nirekin kontatu nik pentsatzen nuen bezala, edo nik uste merezi nuen bezala. Gainera, bigarren itzulian lesioek ere ez didate lagundu.

Zein lesio izan duzu?

Bigarren itzuliko hirugarren partidan ondo nebilen jokatzen, Galizian partida txukun bat jolastetik netorren eta sorbaldan min hartu nuen. Hurrengo astean Bidasoan kontra genuen Irunen, eta nahiz eta ez oso ongi egon jokatu egin nuen. Azkenean sorbalda okerrago jarri zitzaidan. Hilabete geldirik egon nintzen, ondo jarri nintzen baina berriro erori naiz. Azken bi partidak ez ditut jokatu eta larunbatekoan ere ez naiz izango.

Hurrengo denboraldirako badituzu eskaintzak?

Momentuz ez daukat ezer itxita. Aukerak baditut eta hor nabil guztia aztertzen. Lehenengo mailako talde batzuen eskaintzak ditut, eta baita bigarren mailako pare batzuenak ere. Bigarren mailara joaten banaiz izango da nik minutuak izateko, eta taldea igotzen saiatzeko. Hau da, bere proiektua Asobal ligara igotzea den talderen batera.

Zer moduzko esperientzia izan da bi urtez Benidormen bizitzea?

Oso ona. Hasieran kostatu egin zitzaidan ohitzea, baina bigarren urte hau ederra izan da. Taldekideekin eta unibertsitatean ere, erosoago egon naiz.  Momentu txarrak eta onak izan ditut baina ongi tratatu naute. Orain gauzak beste modu batera ikusten ditut, eta esperientzia guztietatik ikasten da.

Noiz etorriko zara Zumaiara?

Liga asteburu honetan bukatuko dugu, baina hurrengo astean entrenamendu pare bat izango ditugu. Unibertsitatean ere azterketekin hasiko naiz, eta han egongo naiz ekaina erdia arte. Horiek amaitzean bueltatuko naiz Zumaiara.