Aniztasun funtzionala duten herritarrentzat aisialdi zerbitzua eskainiko du Udalak

Baleike 2018ko mai. 14a, 15:29

‘Atozte’ izeneko programa edo aisialdi zerbitzua hilabete honetan jarriko da martxan. Udalak bultzatu eta Gautenak gauzatutako proiektuak aniztasun funtzionala duten herritarrentzat aisialdi zerbitzua eskaintzea du helburu. Ostiralean egin zuten informazio bilera eta orain, programan parte hartuko dutenekin biltzen hasiko dira.

‘Atozte’ programaren xede nagusia da aniztasun funtzionala duten 18 urtetik gorako herritarrentzat aisialdi, laguntza eta jarraipen zerbitzua eskaintzea, besteak beste, haien autonomia bilakaera garatu, familia giroan edota gizartean oro har elkarbizitza egokia lortzeko gaitasunak hartu edota herriko ekintzetan haien parte hartzea eta inplikazioa bultzatzeko.  “Programa berria da, eta jaso genituen eskaeren ondorioz hasi ginen prestatzen”, azaldu du Kristina Vicente zinegotziak. “Aisialdirako behar bat zegoela jaso genuen Gizarte Zerbitzuetatik. Herriko baliabideei esker, 18 urtetik beherako pertsonentzat aisialdia osatuta dagoela uste dugu. Baina adin horretatik aurrera ez dago eskaintza zabalik. Aniztasun funtzionala duten pertsonak  aisialdia, harremanak  eta  egiteko beharra ez du asetuta edo baldin badu familiekin bakarrik”, gaineratu du Pili Alberdi gizarte teknikariak.

Hain zuzen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta beraien familien edo zaintzaileen artean komunitatea sortzea ere bada programaren helburuetako bat. “Sare bat osatzea eta harremanak garatzea da garrantzitsua”, esan du Vicentek. Programa hori maiatzean hasiko da eta urtebeteko epea izango du. “Denbora honetan ekimenak izan duen eboluzioa ikusiko dugu eta luzatzeko aukera ere izango da, noski”, jarraitu du.

Ostiralean egin zuten lehen bilera informatiboa. Guztira 30 lagun elkartu ziren: aniztasun funtzionala duten batzuk, senitartekoak, hezitzaileak, Gautenako ordezkaria eta udal teknikariak. Hemendik aurrera lanketa pertsonalizatuarekin hasiko dira. “Bi hezitzaile egongo dira, eta hauen lehenengo asmoa izango da parte hartuko dutenekin biltzea. Pertsona anitzak dira eta norbanako bakoitza ezagutzea beharrezkoa da. Hau da bakoitzaren gaitasunak, zaletasunak, beharrak...”, adierazi du Alberdik.

Boluntarioen sarea

Maiatza eta ekainean parte hartzaileak ezagutzeko prozesua borobiltzen izango dira, eta norbanakoaren ezaugarriak zeintzuk diren jabetuta ekintzak antolatzen hasiko dira. “Komunitatean parte hartzea sustatu, norberaren autonomia garatzea da nahia. Ekintzak egin, herriko beste talde, elkarte edo eragileekin parte hartu... Elkartzeko espazio bat izango dute”,  esan du Alberdik. “Sentsibilizazio eta ikusgarritasunaz haratago, integrazioan lagundu nahi da. Gainerako herritarrok Zumaian aisialdia igarotzeko aukera dugu, baina aniztasun funtzionala dutenek askotan herritik kanpo joan behar dute beste elkarteetara”, azpimarratu du Vicentek.

Hezitzaileez gain, boluntarioen sare bat bultzatu nahi da aisialdi aukerak pertsona horiei zein haien familiakoei zabaltzeko. Horretarako norbanakoak edo herriko elkarte, talde eta eragileen parte hartzea funtsezkoa izango da. “Azken hauek sustatutako ekintzetan aniztasun funtzionala duten pertsonak aintzat hartzea garrantzitsua da inklusibitatean laguntzeko”, jarraitu du Vicentek.

‘Atozte’ programa printzipioz larunbat arratsaldetan gauzatuko da. “Horrek ez du esanahi beste egun batzuetan elkartzeko aukera ez dutenik izango. Boluntario sarearen arabera ere izango da hori. Aipatu baita, senitartekoek edo zaintzaileek ere, beraien espazioa izango dutela esperientziak partekatzeko”, esan du Alberdik. Ostiraleko bilerara bost boluntario agertu ziren, baina oraindik proiektuan parte hartu nahi duen edozeinek du aukera.