ETAren desegitea (erreakzioak)

Arritxu Marañon: "Gertatutakoaren egiazko kontakizuna landu behar da"

Baleike 2018ko mai. 4a, 20:49
Arritxu Marañon.

PSEko zinegotzi Arritxu Marañonek biktimak, eta bereziki Zumaiakoak, izan ditu gaur gogoan ETAren azken agiria entzun duenean. Aurrera begira, urte hauetan gertatutakoaren kontakizuna ez itxuragabetzeko lan egin behar dela azpimarratu du.

Zer esanahi izan du zuretzat gaurko egunak, zer balorazio egiten duzu?
Nire partetik gaurko eguna biktimak gogoratzeko izan da, bereziki Zumaiakoak. Behin eta berriro esan behar da hilketek ez zutela inolako zentzurik izan. ETAk gaur azken itxiera jarri dio 50 urteko historia beltzari, baina nik esango nuke ETA 2011n bukatu zela. Orduan demokraziak irabazi zuen, zuzenbide estatuak. ETAk hiltzeari utzi zion ezin zuelako gehiago. ETAk ez du bere jardunaren kritikarik egin, ez die barkamenik eskatu biktima guztiei. Baina horrek, egia esan, ez nau batere harritu. Dena den, esan dezaket pozik nagoela, eta ni bezala euskal gizarte osoa.

Aurrera begira, zer espero dezakegu?
Nik uste dut 2011tik ari garela lanean, gizarte honetan benetako elkarbizitza lortzeko. Eta uste dut asko aurreratu dugula eta bide horretatik jarraituko dugula. Badaude garrantzia handia duten zenbait gai baina, bat aipatzearren,  gertatutakoaren egiazko kontakizuna landu behar da. Hor ezin diogu tarterik utzi itxuragabetzeari, manipulazioari. Terrorismoa bere larruan sufritu zutenentzat funtsezkoa da hori. Baina, orohar, uste dut bidea ari garela egiten.