ETAren desegitea (erreakzioak)

Alex Oliden: "Uste dut pauso honek lagunduko duela indar sozialak askatzen"

Baleike 2018ko mai. 4a, 20:51
Alex Oliden.

Duela zazpi urte ETAk armak uzten zituela iragarri zuenean bezala, gaur ere poz handia sentitu duela esan digu EHBilduko zinegotzi Alex Olidenek. Jardun armatuaren balazta kenduta, herritik sortutako adostasun eta dinamika berriak lortzeko aukera ikusten du aurrera begira.

Zer esanahi izan du zuretzat gaurko egunak, zer balorazio egiten duzu?
Gaurko egunak izugarrizko poza eragin dit, duela zazpi urte ETAk jardun armatua gelditu zuenean bezalaxe. Uste dut gaurko iragarpena aurrerapauso lojikoa dela, eta uste dut ekintza sinboliko hutsa baino zerbait gehiago dela.

Aurrera begira, zer espero dezakegu?
Duela zazpi urte ETAk jardun armatua uztea erabaki zuenean pentsatu nuen indar sozialak askatzeko balioko zuela. Nire iritziz, jardun armatua balazta bat zen, gehiegi baldintzatzen zuen gizartean egin zitekeen ibilbidea. Nik uste dut pauso honek lagunduko duela indar sozial horiek askatzen, bilakaera berri bat bilatzeko aukera emango duela, erronka handiak baitauzkagu aurrean herri modura. Konponbide zaharrek ez dute balio. Herrian, behetik gora lortutako adostasun zabalak behar dira dinamika berri bat martxan jartzeko. Agian, nahi baino denbora gehiago eskatzen du, baina hori da aurrera begirako bide bakarra. Bestalde, lehenbailehen askatu beharreko korapiloa da presoen egoera. Horrek bai duela presa.