ETAren desegitea (erreakzioak)

Edurne Egaña (EAJ): "Bizikidetza lortzeko gai izan gaitezela espero dut"

Baleike 2018ko mai. 4a, 20:51
Edurne Egaña.

ETAren desegiteak sentimendu kontrajarriak eragin dizkiola aitortu digu Zumaiako EAJko buru Edurne Egañak. Aurrera begira, bizikidetza lortzeko gai izan gaitezela espero du. Hainbat zumaiarren lehen balorazioa jaso dugu. Hemen dauzkazue Edurne Egañak emandako erantzunak:

Zer esanahi izan du zuretzat gaurko egunak, zer balorazio egiten duzu?
ETA-ren desegiteak sentimendu kontrajarriak sortu dizkit. Alde batetik poza sentitu dut. Hainbeste urtetan eskatu eta itxaron izan dugun ETA-ren desagerpena behingoz egi bihurtu delako poza. Bestaldetik tristura ere sentitu dut. Bizi izan ditugun egoera gogor eta mingarriak, eta batez ere Zumaian bizi izan ditugunak, berpiztu egin zaizkit eta haiek eragindako zauri sakonen ziztada sentitu dut. ETA-ren biktima guztiak datozkit burura, alde batekoak zein bestekoak; denak bai dira ETA-ren biktimak. Eta haien oroimenarekin; alferrik galdutako bizitzen eta izandako nekearen eta miñaren tristura sentitu dut.

Aurrera begira, zer espero dezakegu?
Aurrera begira indarkeriak utzitako zauri sakon horiek sendatu eta pendiente dugun bizikidetza lortzeko gai izan gaitezela espero dut. Galduta dugun elkarrenganako konfidantza berreskuratu eta beradizkidetzea josteko beharrezko zintzotasuna eta eskuzabaltasuna izateko gaitasuna izan eta belaunaldi berriei oroimenaren transmisio zintzo eta zuzena egiten jakin eta bakearen balioa irakasten asmatzeko gaitasuna izatea espero dut.