Duintasuna ipar, pentsiodunak borrokarako prest dira

Baleike 2018ko mai. 3a, 08:15

Haserreak eztanda egin eta pentsiodunak kalera irten dira pentsio duinen alde. Bizitzaren kostuaren igoerak eta pentsioen % 0,25eko igoera eskasak eraman ditu kalera. Zumaian bi hilabete daramatzate protestan, Ixabel Dorronsoro eta Xegundo Manterola pentsiodunek ere bai, tartean.

(Erreportaje hau apirileko Baleike aldizkarian argitaratu genuen)

2007an lehertu zen krisi finantzarioa Estatu Batuetako banku sistemaren bihotzean, Wall Street-en, eta urtebete geroago Europara hedatu zen, zorraren krisi bihurtuta. Kapitalismoaren krisi ziklikoetan, beste bat. Ordutik, langabeziaren gorakada, lan prekarioa nagusitzea, murrizketak sektore publikoan eta, nola ez, pentsioak murriztea edo izoztea bizi izan ditugu. Kaleko giroak, ordea, ez zuen islatzen azkenaldian atzeraldi historiko horrek merezi adinako erantzunik. Pentsiodunek, urtarril hasieran, ahotsa altxa eta kaleak hartu zituzten arte. Bost urte dira jada pentsioak legeak ezarritako % 0,25 baino ez direla igotzen; bizitzaren kostuak, berriz, nabarmen gora egin du. Egoera horrek Euskal Herriko eta espainiar Estatu guztiko pentsiodunak atera ditu kalera. Lurrikara horrek ere izan du Zumaian oihartzuna, astelehenero udaletxe aurrean pentsiodunen talde bat biltzen baita pentsio duinen aldeko borrokan.

Pentsiodun horietako bi dira Ixabel Dorronsoro eta Xegundo Manterola erretiratuak. Zumaiako mobilizazioak era nahiko espontaneoan hasi zirela nabarmendu dute biek, WhatsApp bidez edo ahoz aho zabalduz elkarretaratzeak. “Hasierako protestan dozena bat lagun inguru baino ez ginen biltzen udaletxe aurrean, baina jubilatuen artean deia zabalduz joan ginen, eta gaur egun nahiko kontzentrazio jendetsuak egiten ditugu”, azaldu du Manterolak. Izan ere, bizitza guztia lanean eman ondoren, biek nabarmendu dute ez daudela prest beren bizi kalitateak nola jaisten jarraitzen duen ikusteko, eta borrokak jarraituko duela azpimarratu: “Jendea jada erreta dago eta kontzientziatzen ari da bizi dugun egoeraz, badakigu aurrean dugun borroka gogorra izango dela, baina gure belaunaldiak borroka asko egin du eta hau ere amaieraraino eramateko prest gaude”.

Non ote da dirua?

Espainiako Gizarte Segurantza defizit egoeran dago 2011. urtetik, hau da, haren diru gastuak, pentsioen ordainketa barne, sarrerak baino handiagoak dira. Gainera, lanpostuak berreskuratzen joan badira ere, espainiar Estatuak ezin izan dio buelta eman egoera honi. Horren ondorioz, Estatuak pentsioak ordaintzen direla ziurtatzeko erreserba funtsera, herritarrok “pentsioen itsulapiko” izenarekin ezagutzen dugunera, jo behar izaten du. Pentsiodunek, Manterolak eta Dorronsorok azaldu bezala, Fatima Bañez Espainiako lan ministroaren eskutitz bat jaso zuten urte hasieran, eta han adierazten zien egoera defizitarioa bada ere, pentsioak % 0,25 igo direla eta Espainiako Gobernua ahalik eta esfortzu handiena ari dela egiten. Hala ere, pentsiodunak ez daude ados iritzi horrekin; izan ere, azken bost urteetan bizitzaren kostuak gora egin du eta beraien pentsioak legezko gutxienekoa baino ez dira igo. “Adar jotze hutsa da esatea pentsioak igo direla, bizitzaren kostua, horiekin alderatuta, bikoitza baino gehiago hazi denean. Sekulako amorrua sentitu nuen Fatima Bañezen eskutitz hori irakurtzean”, azaldu du Manterolak.

Bestalde, Dorronsorok argi du Estatua defizit egoeran bada ere, Estatuak bere gastuak “ongizate komunaren” alde ongi kudeatuz gero, badela nahikoa diru pentsio duinak bermatzeko: “Administrazioaren lehen helburuak izan beharko luke dirua herritarren ongizatearen alde ahalik eta eraginkorren kudeatzea, eta ez izugarrizko obretan edo armamentuan gastatzea”. Dirua kudeatzeko lehentasunei jarraiki, Manterolak Espainiako banku sistemaren erreskatea oroitzen du pentsio eta gainerako zerbitzu publikoak finantzatu ahal izateko diru galdu gisa. “Atzeraldi historiko bat bizi dugu, alor guztietan bizi ditugu murrizketak, urte luzeetako borroken ondoren lortutako zerbitzuetan, gainera. Baina, bestalde, orain dela gutxi jakin dugu bankuak erreskatatzeko inbertitutako diru guztitik 60.000 milioi baino gehiago galduko direla”, nabarmendu du Manterolak.

Bizi kalitateak behera nola egiten duen ikusten dute bi pentsiodunek. Hala ere, izandako lanpostuari esker, aitortu dute oraindik ere bizi maila duina ziurtatzen dieten pentsioak jasotzen dituzte. Bereziki, Manterolak nabarmendu du burdinaren industrian urte luzez soldata onak izan eta gero pentsio nahiko altua duela. Arazoa, Manterolaren ustez, beheranzko joera amaigabea da. “Nik, gaur egun, ongi bizitzeko moduko pentsioa dut, baina egoerak horrela jarraituz gero, hemendik bost edo zazpi urtera, ezin izango dut berdina esan”, aitortu du. Egun, Hego Euskal Herriko gizonezko pentsiodunek batez beste, 1.434 euroko pentsioa jasotzen dute, eta 825 eurokoa emakumezkoek.

Arazo ekonomikoaz gain, pentsioen bermeak afera demografikoa ere aurka du, eta horrela nabarmentzen dute bi pentsiodunek: “Gaur egun, erretiratuok populazioaren zati oso garrantzitsua osatzen dugu, eta ez dago behar adina gazte belaunaldi erreleboa ziurtatzeko”. Horretaz gain, Manterolak gazteen soldata prekarioak salatzen ditu, “gazteek gaur egun kobratzen dituzten soldatekin ez dago bermezko kotizaziorik, ezta gure pentsioak ziurtatzeko Gizarte Segurantzari egin diezaioketen ekarpenik ere”. Gaur egun, Euskal Herriak Europako jaiotza tasa baxuenetarikoa duen lurraldeetako bat da, eta aldi berean, bere populazioa zaharkituena duenetako bat. Demografian piramide irauli gisa irudikatzen den egoera horrek jarraitzen badu, epe luzera Estatuko zein Erkidegoko administrazioek ezingo dute mantendu pentsio sistema. Gainera, bi pentsiodunek gogora ekarri dute kasu askotan zaharrak direla euren pentsioarekin langabezian dauden seme-alabak edo bilobak ekonomikoki lagundu behar izaten dituztenak.

Horregatik, Dorronsorok argudiatu du aldi baterako edozein “itxurazko” irtenbide baino, beharrezkoagoa dela sakoneko aldaketa: “Gaur egun, inoiz baino premiazkoagoa da lanaren eta aberastasunaren banaketaz hitz egiten hastea, gure oihuak Espainiako Gobernuaren aurka doaz, oraingoz, baina badakigu kapitalismoaren etengabeko logika produktibista dela arazo larriena, beharrezkoa da aldaketa handi bat”.

Emakumeak are larriago

Pentsiodunen egoera orokorrean larria da, baina emakume erretiratuengan jartzen baldin badugu begirada, esan dezakegu horiena are larriagoa da. Izan ere, emakume pentsiodunen % 55ek gutxieneko soldataren azpiko pentsioa jasotzen du; gizonezkoen ehunekoa, berriz, % 17an kokatzen da. Dorronsoro argi mintzo da emakume horien egoeraren inguruan: “Gehienetan, emakumezkoak izan gara lan marjinalak egin ditugunak, eta, gainera, horiei etxeko lan ez ordainduak gehitu behar zaizkie. Horren ondorioz, sistemak soilik lan produktiboak hartzen dituenez kontuan, pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko emakumeon egoera gizonezkoena baino askoz ere okerragoa da”. Alargunen kasuan, gainera, egoera are larriagoa bihurtzen da, horiek senarraren prestazioaren erdia baino ez baitute jasotzen. “Alargun asko ezagutzen ditut neguan arratsaldea jubilatuen egoitzan igaro ondoren etxera joan eta zuzenean ohera joan behar dutenak, euren pentsioarekin ezin dutelako berogailua piztu etxea berotzeko”, gehitu du Dorronsorok, pobrezia energetikoaren auziari erreferentzia eginez.

Egoera latz horren aurrean, bi pentsiodunek uste dute “sistemak saldu” nahi dien irtenbidea pentsio pribatuko funtsak irekitzea dela. “Pentsio publikoak agortzen ari dira diru publikoa gaizki kudeatzeagatik; beraz, irtenbidea pentsio pribatuak direla esatea lotsagabekeria hutsa iruditzen zait. Moralki eta etikoki uste dut pentsio sistema publiko baten alde borrokatu behar dugula”, azpimarratu du Dorronsorok. Bide horretan, pentsiodunen hainbat elkartek 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dutela gogorarazi dute bi pentsiodunek. Hala ere, kopuru hori ez dute inolako “luxutzat” jotzen, bizitzeko gutxieneko soil batez hitz egiten ari direla nabarmentzen baitute. Gainera, nabarmendu dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioaz hitz egiten ari badira, pentsiodunen gehiengo zabal batek kopuru horretatik beherako pentsioak jasotzen dituztelako dela.

Manterolak eta Dorronsorok argi dute pultsu luze eta gogor bati baino ez diotela ekin. Izan ere, bi aurkari gogor dauzkate aurrealdean: Espainiako Gobernua eta horri defizitaren muga jarriz eskuak lotzen dizkion Europar Batasuneko erakunde politikoak. “Argi dugu gu baino etsai askoz ere handiago eta boteretsuago baten aurka ari garela borrokan, baina ez dugu esperantza galdu behar, kontzentrazioetan ikusten dugun jendearen aurpegian kemena eta adorea nabaritzen dut eta”, ohartarazi du Manterolak. Borrokarako grina horren isla dira martxoaren 17an Hego Euskal Herriko hirietan pentsio duinen alde manifestazioetan atera ziren milaka pertsonak. Gainera, mobilizazio data garrantzitsu hori igaro ostean ere, pentsiodunek astelehenero udaletxeen aurrean kontzentratzen jarraitu dute.

Borroka honen etorkizunari begira, bi pentsiodunek dei garbi bat egin nahi izan diete bai gazteei, bai borrokan dabiltzan beste sektore batzuei: “Uste dugu langileek, emakume feministek, etorkinek eta bereziki aurrealdean etorkizun beltza duten gazteek gure borroka bera konpartitzen dutela; beraz, haiei ere gurekin borrokara batzeko deia egin nahi genieke”.