BIDEOA: 'La manada' gu gara

Baleike 2018ko api. 26a, 21:28

Gaur eman da jakitera 2016 sanferminetan izandako bortxaketaren sententzia. Samina, nazka edota haserrea piztu ditu Nafarroako Auzitegiaren erabakiak, eta edonon deitu dira haren aurkako mobilizazioak. Zumaian kazerolada eta manifestazioa egin da arratsaldean.

Saregile plazatik abiatu da manifestazio jendetsua. 'La manada' gu gara. Justizia patriarkalaren aurka. Guk sinisten dizugu! leloa idatzita zuen pankartaren atzean joan dira Erribera kalean barrena. Erasorik ez erantzunik gabe, edo Ez da erasoa, bortxaketa da, bezalako leloak oihukatu dituzte martxan zehar.

Amaieran, honako adierazpena irakurri dute:

"Erasoa gertatu eta ia bi urtera eman dute 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaia. Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak, eta bederatzi urteko kartzela zigorra bete beharko dute, eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari (Berria).

Epai hau dela eta, mugimendu feministatik honakoa adierazi nahi dugu:

- Hasteko eta behin, sinesgarritasun eta aitortza kolektiboa egiteko bildu gara gaur hemen. Bortxaketa izan zela ez dugu zalantzan jartzen, erasotzaileek, bai biolentzia, bai intimidazioa erabili zituzten erasotua bortxatzeko. Hortaz, nahiz eta, justizia instituzioek hori ez aitortu, guk sinisten dizugu.

- Larritzat jotzen dugu bortxaketa gisa ez aitortzea 2016ko san ferminetan bost gizonek emakume bat behartu eta bortxatu izana. Horrek, argiki erakusten du, beste hainbatetan gertatzen den moduan, epaitegiak ez daudela emakumeon gorputzaren eta bizitzaren gaineko askatasuna defendatzeko, eta, bai, aldiz, sistema honen ordena patriarkala eta misoginoa iraunarazteko. Horregatik, egoera honek argiki mahai-gaineratzen du, baita beste askok ere, urgentziaz, egungo sistema judizialaren inguruko gogoeta herritar bat behar dugula.

- Hala ere, adierazi nahi dugu emakumeon aurkako eraso sexistak eguneroko errealitate direla gurean, indarkeria sistema kapitalista patriarkal honek duen ezinbesteko tresna baita, jendartean dauden botere-harremanak iraunarazteko.

- Horregatik guztiagatik, mugimendu feministatik ozen salatu nahi dugu epai hau, eta , baita, oro har, emakumeon aurkako biolentzia. Eta orain arte bezala, segiko dugu borrokan eta autodefentsa feministaz, emakumeok ahalduntzen. Baina argi dugu, hau ez dela emakumeon arazoa soilik, hau arazo politiko bat da, hortaz, irtenbideak askotariko eremuetatik jorratzea ezinbestekotzat jotzen dugu; bai eskoletan, bai etxeetan, bai instituzioetan, bai epaitegietan,... Konpromiso politikoa eta soziala beharrezkoa dira, egiturazkoa den emakumeon kontrako biolentziari aurre egiteko.

Gora borroka feminista!

Bati erasotzen diotenean, guztiei erasotzen digute!"